argia.eus
INPRIMATU
Cerverus funts putrearen lokal bat birjabetu dute Galdakaon
  • Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak eta Elkarlaguntza Sareak okupatu dute espazioa, Herri Gunea izendatu duten proiektuaren aterpe bilakatzeko. Aurreratutakoaren arabera, espazioak funtzio soziala izango du eta herritarren bizi baldintzak hobetzeko tresna izango da.

Amaia Lekunberri Ansola 2022ko urtarrilaren 17a
Argazkia: Galdakaoko Etxebizitza Sindikatua

Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak eta Etxebizitza Sindikatuak deituta, etxebizitza eskubidearen aldeko kalejira egin zuten larunbat goizez. Ekimena baliatu zuten bertaratutakoei jakinarazteko herrian espazio berri bat ireki zutela. Espazioa Cerverus funts putreari birjabetutako lokala da; "etxebizitzarekin gehien espekulatzen duen funtsetako bat da, langileriaren kontura irabazi itzelak metatuz", azaldu dute elkarlaguntza sareko eta sindikatuko kideek.

Birjabetutako espazioaren erabilera "libre eta kolektiboa" egiteko asmoa agertu zuten, baita lau pareta horien artetik aurrera eraman nahi duten proiektua zein den azaldu ere. Herri Gunea eman diote izena espazioari, eta herritarren bizi baldintzak hobetzeko tresna izatea du helburu. Bide horretan, espazioak beteko dituen zenbait funtzio ere zehaztu dituzte: asanbladak egiteko espazio izango da, euskara eta alfabetizazio ikastaroak gauzatuko dituzte, zaintza lanen kolektibizaziorako espazioak sortuko dira, oinarrizko elikagaien biltegi eta banaketa espazioa funtzioa beteko du, besteren artean. "Finean, Herri Gunea klase desjabetuaren defentsarako ekintza sozialak egiteko balioko duen espazio bat izango da".