argia.eus
INPRIMATU
Cervera absolbitu dute
  • Santiago Cervera PPko diputatu ohia absolbitu du Nafarroako Justizia Auzitegiko Zigor arloko 3. Epaitegiak.

ARGIA @argia 2015eko ekainaren 17a
Santiago Cervera PPko diputatu ohia.

Epaiaren esanetan, ezin da frogatu Jose Antonio Asiáin Nafarroako Kutxako lehendakari ohiak 2012an jasotako xantaia mezuak Cerverak bidali zituenik. Guardia Zibileko teknikariak ondorio horretara iritsi ziren Cerveraren ordenagailu, telefono mugikor edo bestelako tresneria miatu ondoren eta epaileak funtsezkotzat jo ditu ikerketa horiek diputatu ohiari absoluzioa emateko.

2012ko abenduan jaso zuen Asiainek xantaia mezua e-posta bidez eta bere abokatu bulegoa eta CANen arteko hainbat lan hitzarmen ez aireratzearen truke, 25.000 euro eskatzen zitzaizkion. Asiáinek salaketa jarri zuen eta Guardia Zibilak amu bat jarri zuen Iruñeko harresietan sobre bat utziz. Cerverak egin zion kosk, baina bere esanetan, norbaitek jakinarazi zion CANeko barne arazoei buruzko informazioa egongo zela gutunazal hartan eta horregatik joan zela haren bila.

Atxilotu eta berehala diputatu karguaz dimititu zuen Cerverak eta ahozko auzia ekainaren 8, 9 eta 10ean egin zen. Cerveraren bertsioa sinesgaitza zela esanez, Asiánen akusazio partikularrak 14 hilabeteko kartzela zigorra eskatu zuen eta fiskaltzak absoluzioa.