argia.eus
INPRIMATU
Cerberus funts putrea jabetu da etxekaleratze agindua jaso duen Irungo adineko bikotearen etxebizitzaz
  • Urtarrilaren 24an beren bizilekutik alde egin behar zutela jakinarazi zion bikotekideari Sabadell bankuarentzat lan egiten duen Solvia higiezinen-agentziak. Etxearen jabetza, baina, Cerberus funts putrearen Promontoria Coliseum filialaren jabetzakoa izatera pasa da, Sabadellek hari saldu baitio etxea.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 21
Stop Kaleratzeak, Alokairu Benta Berrik eta Inquilinos Azorak egindako agerraldia (Argazkia: Kaleratzeak Stop Donostia)

Urtarrilaren hasieretan jakin genuen Irungo 75 eta 78 urteko bikote bat etxe kaleratze arriskuan zegoela, Stop Kaleratzeak Gipuzkoak plataformak egindako salaketaren bitartez. Angel Miguel Medranok eta Maria Oliva Corvok osorik ordaindutako beren etxebizitza jarri zuten semeak bankuari eskatutako maileguaren abal gisa. Semeak Sabadell bankuan eskatu zuen mailegua gurasoen enpresaren ardura hartu ondotik, baina negozioak ez zuen aurrera egin eta etxebizitzarekin geratu zen bankua. Ondotik, luzapenik gabeko hiru urteko alokairu soziala sinatu zuten bi aldeek, urtarrilaren 24an amaitzen zena. Irailaren 1ean, hipoteka ordaindu ezinagatik agintzen diren hipoteka exekuzioen bitartez Sabadell bankuak eskuratzen dituen etxebizitzak kudeatzeaz arduratzen den Solvia higiezinen-agentziak bikoteari jakinarazi zion urtarrilaren 24an etxetik alde egin behar zutela; hots, etxe kaleratuak izango zirela [Irakurri hemen txekaleratzearen aurrean Angel Miguel Medranok kontatutakoak].

Azken egunetan, kasuak izan du norabide aldaketarik ordea. Ostegunean Stop Kaleratzeak, Alokairu Benta Berrik eta Inquilinos Azorak helarazitako oharrean jakinarazten denez, bikotearen etxebizitza Promontoria Coliseum-en jabetzako izatera pasa da (Cerberus funts putrearen filiala). Oharrean azaltzen denez, etxejabe berriak burofaxa helarazi die Mendrano eta Olivari, jakinaraziz egungo alokairu sozial kontratua urtebetez luzatuko diela. Kaltetutako bikoteak eta oharraren sinatzaileek “burlatzat” jo dute, defendatuz neurri hori ez dela inolaz ere nahikoa, eta jabe berriak zazpi urteko kontratu berri bat egin beharko lukeela, hiru urte gehiagoz luzatzeko aukerarekin. Oharrean ñabartzen denez, Irungo alkateak ere bat egin du irakurketa horrekin.

Stop Kaleratzeak, Alokairu Benta Berrik eta Inquilinos Azorak argi utzi du mobilizazioak egiten jarraituko dutela, harik eta hiru urteko luzapen aukera barne biltzen duen zazpi urteko alokairu kontratua sinatu arte. Bidenabar, funts putreei aurre egin beharraz ohartarazi dute.