argia.eus
INPRIMATU
CEOEren errezeta krisitik irteteko: erregulazio espedienteak luzatu langileak kanporatuz
  • Larrialdi egoera amaitu ostean ere erregulazio espedienteak mantentzea, enpresek kotizaziorik ordaindu gabe jarraitzea eta enpleguak mantentzeko baldintza ezabatzea eskatu du Antonio Garamendi CEOEko presidenteak. Egin ezean, langabezia eta enpresen itxiera masiboa aurreikusi ditu.

Z. Oleaga @zoleaga1 2020ko maiatzaren 03a
Antonio Garamendi Lecanda getxotarra, CEOEko presidentea. Argazkia: rtve.es

Koronabirusaren krisi kapitalistari irteera kapitalista emateko bide orria proposatu du Espainiako Estatuko enpresarien elkarteko presidente Antonio Garamendik, Europa Press berri agentziak egin dion elkarrizketan. Espainiako Gobernuak 2020rako eta 2021erako egin dituen aurreikuspen ekonomikoak baikorregiak dira, Garamendiren ustetan. Besteak beste, 2021erako BPGren %6.8ko hazkundea aurreikusten du gobernuak. Aldiz, “erorikoak bat-batekoak eta azkarrak izan ohi badira ere, susperraldiak motelagoak eta moderatuagoak izaten dira beti”, esan du.

Irtenbidea, ekimen pribatua

Aldi baterako erregulazio espedienteak (ABEE) larrialdi egoeratik harago luzatu behar direla defendatu du Getxon jaiotako enpresariak. Horrez gain, ABEEn bitartez enpresen kotizazioa diru publikotik ordaintzen jarraitzea defendatu du –hori da egungo egoera, enpresak ordura arte irabaziak izan dituen edo ez kontutan hartu gabe–. Aldaketa garrantzitsu baten beharra nabarmendu du aldi berean: ABEEn sartzeko langileen enpleguak mantentzeko baldintza desagerraraztea. Iragarpen katastrofikoa egin du, neurri horiek eta beste batzuk hartu ezean: “Krisi masiboa, enpresen itxiera masiboa, eta enplegurik gabe geratuko den jende piloa”.

Diru publikoa enpresei baldintzarik gabe ematearen aldekoa izanik ere, ekonomiaren sektore jakin batzuk nazionalizatzeko aukera historiaurrekotzat jo eta erabat baztertu du. "Edo jendeak sinesten du ekimen pribatua dela estatu moderno bati sendotasuna ematen diona, edo benetako arazo bat dugu", adierazi du.