argia.eus
INPRIMATU
Cebrianek 155. artikulua jarriko luke indarrean Katalunian, Guardia Zibila bidali eta Mas espetxeratu
  • Juan Luis Cebriánek Konstituzioaren 155. artikulua jarriko luke indarrean Katalunian Generalitateak debekatutako erreferenduma aurrera eramango balu. Guardia Zibila ere bidaliko luke. "Eta Artur Mas kartzelara zergatik ez?", dio tinkotasunez.

Xabier Letona Biteri @xletona 2017ko otsailaren 20a
Juan Luis Cebrían. Argazkia: Angélica Martínez - CC by sa

Kataluniako 2014ko azaroaren 9ko kontsulta ez debekatzean Mariano Rajoyk hanka sartu zuela uste du Juan Luís Cebrián, El País argitaratzen duen Prisa taldeko lehendakariak: “Ez zuen erabili izan bere boterea legea betearazteko”.

El Mundo egunkariak egindako elkarrizketan aipatu ditu, besteak beste, Kataluniari buruzkoak. Eta erreferenduma deitzen badute? “Debekatu egin behar da”, erantzuten du Cebriánek. Eta debekuari muzin egiten badiote, “155. artikulua. Generalitatea bertan behera uzten da: Generalitateko lehendakaria; Legebiltzarreko lehendakaria; bat, bi, hiru kargu publiko; erreferenduma deitu dutenak. Akabo horiekin. Zeuk hartzen duzu boterea.

Eta orduan zer gertatuko litzateke?, galdetzen du kazetariak: “Orduan eztabaida ez litzateke noiz lortuko duten independentzia, autonomia noiz berreskuratuko duten baino. Klabea zera da, ea independentistek boterea baduten ala ez, eta ez dute. Estatuak bai. Guardia Zibila bidaltzeaz hitz egiten bada, berehala esaten da ‘tira, Guardia Zibila ez’. Eta zergatik ez? Guardia Zibilak egin behar duena egin beharko du. Edo esaten da: ‘Mosoekin nahikoa da’. Bada, ez dakit nahikoa izango den.

Katalunia ez dela independentea izango dio Cebrianek, eta odol jariorik ez dela izango. “Depresioa etorriko da gatazkaren amaieran. Deserosoa izango da, kohesio sozial eza. Eta hori txarra izango da Kataluniarentzat eta baita Espainiarentzat ere”. Artur Mas lehendakari ohia ere lasai asko ikusten du espetxean Cebrianek: “Erregearen suina ere ez al da espetxera joango? Mario Conde eta Javier de la Rosa ere ez al ziren espetxera joan? Kartzela zigorra dakarren delitua egiten duen edonor joango da espetxera.