Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak baliogabe utzi ditu Kataluniako CDRetako lau kideren aurkako kartzelaratze-autoak, akatsez beterik zeudela ulertuta. “Erakunde terroristako kide” izatea leporatzen zaie CDRetako kide horiei, baita konspirazio delitua eta lehergailuak edukitzea ere.
Baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren azken doktrinaren arabera espetxeratze-agindua bidegabea da, haien kontrako prozedura sekretupean zegoelako kartzelara bidali zituztenean eta hortaz, atxilotuen abokatuek ez zituzten eskura eduki defentsarako ezinbestekoak diren elementuak. Epailearen arabera, defentsako abokatuei ez zitzaien eman atxiloketaren arrazoiari buruzko azalpen txikiena ere eta, hortaz, “begi-bistako indefentsio” egoeran geratu ziren akusatuak.
Erabaki hau gorabehera, aipatutako CDRetako kideak ez dira libre geratuko. Asteazken honetan Manuel Garcia-Castellon epailearen aurretik pasa beharko dute, hori bai, oraingoan defentsako abokatuek beraien lana egiteko ezinbesteko informazio guztiak eskura dituztela.
Beste bi CDRetako kidek ere helegiteak jarri zizkieten euren kartzelaratze-aginduei eta ebazpenaren zain daude. Auzi honengatik preso dagoen beste kide baten kasuan berriz, Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak oraindik ez dio deklaratzeko datarik jarri.