argia.eus
INPRIMATU
CDRen ekintza batean atxilotutako hamahirurentzat kartzela eskatu du fiskaltzak
  • Iragan otsailaren 23an, 1981eko Espainiako estatu kolpe saiakeraren urtemugan, Kataluniako Auzitegi Nagusiko sarrera sinbolikoki blokeatzeagatik atxilotu zituzten auzipetuak. Fiskaltzak bi urte eta erdi arteko kartzela zigorrak eskatzen dizkie.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 05a
Otsailaren 23an Kataluniako Auzitegi Nagusiko sarreran egindako ekintza (Argazkia: La Directa)

CDRek (Errepublikaren Defentsarako Komiteak) deitutako ekintza sorpresaren baitan hamalau pertsona atxilotu zituzten Mossoek otsailaren 23an. “Ixilik nahi gaituzte, baina batera erantzungo dugu” lelopean, 150 pertsona inguruk Kataluniako Auzitegi Nagusiko sarrera blokeatu zuten, independentismoaren kontrako prozesu judizialak eta hainbat ekintzaile, ikasle, irakasle eta rapeatzailek jasandako errepresioa salatzeko. Atxilotuak espetxeratu egin zituzten, baina deklaraziorik ez egiteko eskubidearen erabilera egin ostean, baldintzapean aske utzi zituzten.

Auzia bideratzen duen Bartzelonako 31. Instrukzio-epaitegiak egindako jakinarazpen ofizialak, baina, gertakarien gaineko ahozko epaiketa zabalduko dela ohartarazi du. Alerta Solidaria errepresioaren aurkako plataformak jakinarazi duenez, ostegunean jasotako jakinarazpenaren arabera, fiskaltzak bi delitu leporatzen die auzipetuei: desordena delitua batetik, eta desobedientzia eta erresistentzia larria delitua bestetik. Plataformaren arabera, “auzitaratze berri hau orain PSC eta PSOEren agindupean dagoen fiskaltza berriak espreski egindako eskaeragatik eman da”.  Hamaika auzipetuk bi urte eta erdiko kartzela zigor eskakizunei aurre egin beharko diete, desordena delituengatik. Beste biek, ostera, urtebeteko kartzela zigorrari egin beharko diete aurre, desobedientzia eta erresistentzia larria delituagatik.

Adrian Carrascoren agerpena, ostegunean

VilaWebek jakinarazi duenez, Adrià Carrasco Esplugueseko (Katalunia) CDRko kide erbesteratuak irailaren 6an egingo du agerpena Bruselan (Belgika). Guardia Zibilarengandik ihes egitea lortu zuen apirilaren 10ean, Tamara Carrasco atxilotu zuten egunean Adrià atxilotzeko agindua ere emana baitzuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Ordutik Espainiako Poliziak bere bila dirau, terrorismoa, matxinada eta sedizioa leporatuta.

Christopher Marchand abokatua ondoan duela egingo du prentsaurrekoa. Valtònyc-en, erberteratutako kontseilarien eta Puigdemonten defentsa daraman talde berbera dauka bere kasuaren atzean Carrascok ere.