argia.eus
INPRIMATU
CCleaner programa kutsatu dute: eragiten al dio nire ordenagailuari?
  • Ordenagailuko memoria garbitzeko erabiltzen den CCleaner programaren bertsio batek software kaltegarria erantsita zeukala informatu du Piriform enpresak. Mundu osoko milaka erabiltzaileri eragin die. Eta zuri?

ARGIA @argia 2017ko irailaren 19a

Abuztu honetan kaleratutako programaren bertsioa da “kutsatuta” dagoena eta hura argitaratzen duen enpresaren arabera, astero milioika deskarga izaten dituztenez, albisteak kezka eragin du erabiltzaile askoren artean.

Informazioa biltzen duen malware-a

CCleaner-en pakete kaltegarriak informazio ugari jasotzen du: ordenagailuaren izena, instalatutako programen zerrenda, abian diren prozesuen zerrenda eta bestelako informazioa, adibidez, ordenagailuaren administratzaileari buruzkoa.

Zenbait hedabidetan azaldu dutenez, horrek ez du zuzenean ordenagailua kaltetzen, baina etorkizunean kaltetzeko balio dezake.

Kutsatuta al nago?

Zure ordenagailua kutsatuta ote dagoen jakiteko, begiratu behar den lehenbiziko gauza da ea CCleaner 32 bit-eko bertsioan ote daukazun –64 bit-eko bertsioa ez da kaltetua izan–. 32 bit-eko bertsioa baldin badaukazu, abuztuaren 15an kaleratutako bertsioak dira kaltetuak, CCleaner-en 5.33.6162 bertsioa edo CCleaner Cloud-en 1.07.3191 zenbakiduna.

Beheko irudian ikus dezakezu non agertzen diren datu horiek.

Zer egin horren aurrean?

Aipatutako baldintzak betetzen baldin badituzu, adituek gomendatu dute zure ordenagailuko sistema abuztuaren 15a baino lehenagoko egoerara itzultzea, babes-kopia baten bidez. Horrez gain, antibirusa pasatzea gomendatzen dute bai sisteman, bai babes-kopietan, software kaltegarririk geratzen ez dela ziurtatzeko.

Bestela, CCleaner-en jabe den Avast enpresak jakinarazi duenez, memoria garbitzeko programaren azken bertsioa instalatuz ere ezabatzen da software kaltegarria.