Jarduna urtebetez etetea agindu dio Espainiako Audientzia Nazionalak Causa Galizari, “prebentzio neurri” gisa. 2015eko urriaren 30ean Causa Galizako 9 kide hartu zituzten atxilo, “komunikatuak hedatzea, terrorismoa goratzea eta Exercito Guerrilheiro do Povo Galego Ceiveko terroristak gorestea” egozten diete, besteak beste. Akusatuek prentsaurrekoa eskaini zuten astelehenean Madrilen.
Operazio hartan atxiloturiko militante Joam Peresek talde independentistaren errugabetasuna defendatu du: “Independentzia legezko metodoen bidez lortu nahi dugu”. Bozeramailearen aburuz, ”Espainiako Estatua atzerantz doa demokraziari dagokionez; errepresioa bortizki hazi da”. Beren printzipioak defendatzen jarraituko dutela gaineratu du: “Ez gara damutzen. Gure jarrera ideologiko eta politikoari eutsiko diegu”.
Peresek zalantzan jarri du estatu eredu espainiarra: “Espainiako Estatua krisi sakon batean dago murgildurik, bere lurraldetasun eredua agortua dago. Ustelkeria kasuetan sartuta dagoen estatuak ez du legitimitate demokratikorik. Horren guztiaren aurrean ematen duen erantzun bakarra bere estatu politikaren aurka doanaren kontra neurri errepresiboak aplikatzea da”.
Bestalde, atxilotuen abokatu Guillerme Presak iragarri du ebazpen juridikoaren aurkako helegitea aurkeztuko dutela. Bere esanetan, “oso larria da Galiziaren independentziaren inguruko iritzi politikoa indarraren bitartez ezabatu nahi izatea”. “Causa Galizak gizarteko sektore murritz baten eskubide zibil eta politikoak defendatzen ditu; sektore horrek, ordea, eskubideak ditu”, gaineratu zuen abokatuak.
Causa Galizari babesa adierazteko akimen asko antolatu dira. Horietan jendetsuena urtarrilaren 24an, polizia operazioa salatu eta talde independentistari babesa helarazi asmoz, Santiagon eginiko manifestazioa. Galiziako zenbait alderdiren babesa izan zuen mobilizazioak, tartean BNG eta Alderdi Komunistarena.