argia.eus
INPRIMATU
Catella-Vitalquiler eta Eusko Jaurlaritza salatu dituzte Arartekoaren aurrean, Chaymae eta bere hiru seme-alaben etxegabetzeagatik
  • Kaleratzeak Stop elkarteak familia 767 euroko zor batengatik babes ofizialeko etxebizitzatik legez kanpo kaleratu zutela gogoratu du.

Hala Bedi @halabedi 2021eko maiatzaren 13a

Kaleratzeak Stop elkarteak Arartekoaren aurrera eraman ditu Catella-Vitalquiler eta Eusko Jaurlaritza, pasan den apirilaren 9an babes sozialeko etxebizitzatik Chaymae eta bere hiru seme-alabak etxegabetzeagatik. Elkarteak gogorazi duenez, familia osoa 767 euroko zor batengatik kaleratu zuten, legeak aurreikusten duen moduan haien zaurgarritasuna eta beste etxebizitza batera joateko aukerarik ez zutela kontuan hartu gabe.

“Catella-Vitalquilerrek alokairu babestuko erregimenean kudeatzen dituen babes ofizialeko 500 etxebizitzak sozialak dira” azaldu dute, beraz “etxebizitza horien funtzio soziala ez da betetzen, eta interes orokorra urratzen da, familia ahul bat 767 euroko zorragatik etxegabetzen denean, edota kobratzen den alokairua, gehi Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga eta komunitate-gastuak, familiaren diru-sarreren ehuneko 60a denean”.

Halaber, “funtzio sozial hori ez da betetzen abusuzko klausulak dituzten kontratuak sinatzera behartzen denean, hala nola 4.000 eurotik gorako fidantza eskatzea, ehuneko 10eko berandutze-interesa ezartzea, legean aurreikusitako kontratuen luzapenaren eskubideari aurretik uko behar izatea, edo giltzak entregatzen atzeratutako egun bakoitzeko errentaren bikoitzarekin zigortzea”, salatu du elkarteak.

Haien hitzetan, “Eusko Jaurlaritza, -Etxebizitza eta Justizia Saila-, ‘in vigilando‘ erruduna da, bere erantzukizuna legea betetzen dela ikuskatzea baita”. Kasu honetan, Jaurlartzaren, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta EUDELen arteko lankidetza-hitzarmena ez betetzearen erantzuletzat jo dute, “ez baita hauteman zaurgarritasunik etxegabetzea baino lehen, ezta Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Nazioarteko Ituna aurreikusi ere, aldez aurretik etxebizitzarako aukerarik gabe ez uztera behartzen duena”.

Azkenik, Chaymae eta bere hiru seme-alaba adingabeen etxegabetzeari buruzko salaketa Gasteizko Epaitegietako Dekanotzan ere jarri dute. Baita Justizia Sailaren aurrean ere, azken kasu honetan familiak ordaindutako 4.000 euroko fidantzari buruz galdetzeko.