argia.eus
INPRIMATU
Catalunya Radio eta TV3 Parlamentuaren menpe geratuko dira
  • Kataluniako hedabide publikoak, TV3 telebista eta Catalunya Radio irratia, Gobernuaren kontrolpetik Parlamentuaren eskuetara pasatzea du xede Generalitateak bultzatutako erreformak.

ARGIA @argia 2013ko uztailaren 11

Hedabide publikoen erreformarako lehen urratsa asteazkenean eman zuen Kataluniako Gobernuak, komunikazioaren sektorearen gardentasun eta jasangarritasunerako lege-aurreproiektua tramitera eramanda.

Helburua da irrati eta telebista publikoak biltzen dituen CCMA korporazioa Gobernuaren kontrolpetik guztiz ateratzea eta Parlamentuaren menpekoa izatea, Ikus-entzunezkoen Kontseiluarekin, Kontuen Sindikatuarekin edota Herriaren Defendatzailearekin gertatzen den moduan.

"CCMAren autonomia indartu nahi dugu, eta Parlamentuaren esku-hartzea bultzatu, hedabide publikoek aniztasun politiko eta soziala berma dezaten", adierazi du Gobernuko bozeramaile Francesc Homsek.

EITBren erronkak

Pasa den otsailean ETBren ziklo aldaketari buruzko elkarrizketa eta iritzi sorta bildu genuen ARGIAren Larrun gehigarrian. Ramon Zallo EHUko irakasleak, esaterako, ETBren hiru erronkak zituen hizpide.

Hain justu, "demokratizazioa eta egokitzapen instituzionala" da Zalloren ustez lehenengo erronka. "EITBren Legea aldatzea ekarriko luke. Administrazio Kontseilua eta Zuzendaritza Orokorra hautatzeko bestelako eredu eta forma beharrezkoa da", dio EHUko irakasleak. "Era berean, beste lege batek sortu beharko luke Ikus-entzunezko Komunikazioaren Euskal Kontseilua, pluraltasuna eta ikus-entzunezko sistema osoaren betebeharrak ziurtatzeko".

"Administrazio Kontseiluak ez luke soslai politikoa eduki beharko, profesionala baizik; eta ez litzateke legegintzaldi bakoitzera lotuta egon beharko. Legebiltzarrak hautatu beharko luke, primus inter pares presidentziarekin zeina, gainera, zuzendari orokorra izango litzatekeen. Hori ez litzateke pertsona bakarreko organoa izango berez, eta Kontseiluaren gehiengoei lotuta egongo litzateke, baina kalitatezko botoa edukiko luke. Biak hautatuko lituzke parlamentuak –nire ustez, 2/3ko gehiengoarekin, bigarren txandan 3/5 eta paralisia luzatuko balitz, gehiengo absolutuz–".