argia.eus
INPRIMATU
2.000 lagun Valentzian lurrikaren eragiletzat jotzen duten gas biltegiaren aurka
  • Valentziako Vinaròs herrian Castor proiektua bertan behera uzteko eskatzeko giza katea osatu zuten atzo. Itsas azpiko gas biltegiaren kontrako deialdiak 2.000 pertsona inguru batu zituen Vinaròseko itsasertzean.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko urriaren 10a
2000 pertsona inguruk eskatu zuen VinarĂ²sen Castor proiektuaren itxiera

Asteak dira Valentziako Golkoan Castor proiektuak eragindako lurrikarak jazotzen ari direla. Bizilagunak beldur dira eta proiektu horren inguruan duten desinformazioa salatu nahi izan zuten giza katearekin. Vilaweb.cat atariaren arabera, herritarrak kezkatuta daude lurrikarek jarrai dezaketelako.

Ozen egin zuten aldarri sare sozialetatik eginiko deialdira inguratu ziren lagunek, kostaldetik 22 kilometrora dagoen Castor plataforma itxi dezaten. Bien bitartean, udalari eta Espainiako Gobernuari informazioa eskatzen diete.

Vinaròseko alkate Juan Bautista Juanek (PP)  plataforma eraispen eskaera ekidin nahi izan du, baina aitortu du proiektuak ez duela esperotako etekin ekonomikorik eman.

Bilkuraren antolatzaileek informazio batzarra deitu dute larunbaterako, izan ere, haien ustez Castor proiektua eta lurrikaren arteko lotura  garbia da; eta “ikusi nahi ez duena itsua da, edo ez du ikusi nahi”.

Vinaròstik 12 kilometrora dagoen Alcanar (Tarragona) herriak aldiz, ofizialki eskatu du Castorren itxiera eta proiektuaren kontrako salaketa jartzeko asmoa aztertzen ari da.

Udaleko plenoak, alderdi guztien babesarekin, aho batez errefusatu du itsas azpiko gas biltegia. Alfons Montserrat alkatearen (ERC)  iritziz udaleko plenoaren erabateko adostasunak garbi erakusten du herriak proiektuaren kontra azaldu duen irmotasuna. Bere esanetan “Alcanarko herriak Castorren itxieraz gain, bere eraistea eskatzen du, pertsonen segurtasuna arriskuan jartzen duelako”.