argia.eus
INPRIMATU
Castillo Suarez idazle altsasuarra euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak
  • Castillo Suarezek hartuko du Patxi Zabaletaren lekua Euskararen Akademian. Orain, euskaltzain oso berriak zortzi hilabeteko tartea dauka sarrera-hitzaldia paratzeko.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 30
Argazkilaria: Enara Intsausti

Euskaltzain berria izendatu du ostiralean Euskaltzaindiak, Nafarroako Parlamentuan egin den Osoko bilkuran. Euskaltzain osoek bozketa egin dute Patxi Zabaleta emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta Castillo Suarezek erdietsi du Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa. Beste hautagaiak, Paula Kasaresek, uko egin dio hautagaitzari bozketa izan aurretik.

2022ko maiatzaren 21ean Baztango udaletxean egin zen Osoko bilkuran, euskaltzain emeritu izendatu zuen Akademiak Patxi Zabaleta euskaltzain osoa. Izan ere, emeritu izateko 75 urte beteak izan behar dituzte euskaltzain osoek. Bilkura horretan zabaldu zen, hala berean, hautagaiak aurkezteko epea.

Orain, zortzi hilabeteko tartea izango du Castillo Suarezek Altsasuko euskaltzainak sarrera-hitzaldia prestatzeko, eta epe berdina izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Gero, harrera-ekitaldia egingo zaio.

Euskal Filologian lizentziaduna eta ogibidez toki-administrazioko euskara teknikaria da Castillo Suárez. Batik bat poesia lanak idatzi ditu: Souvenir (2008, Elkar), Urtebetetze festa (2012, Elkar), Irautera (2019, Elkar) eta Elurra elurraren gainean (2022), besteak beste. Bestalde, hainbat hedabidetako kolaboratzailea da, tartean, ARGIAko iritzigilea da. Azkenaldian haur literaturan ere utzi ditu zenbait ale, horien artean, Ebelina Mandarina (Erein, 2010). Literaturari buruzko blog bat dauka: Iparraldeko neska. Hainbat literatura sari eskuratu ditu eta bere testuetako batzuk zenbait hizkuntzatara (gaztelania, frantsesa, ingelesa, alemana, katalana, galegoa…) itzuli dituzte. Euskaltzain urgazlea da 2016tik eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea 2021etik.

1918tik 2022ra, 96 euskaltzain oso? 

Gaur egun 22 euskaltzain osoz, 10 euskaltzain emerituz, 145 euskaltzain urgazlez eta 65 ohorezko euskaltzainez osatua da Euskaltzaindia. 96 lagun euskaltzain oso dira 1918tik gaurdaino Akademiak izendatu dituenak.

Hona hemen gaur egungo euskaltzain osoen zerrenda, hogeita bi guztira, hamalau gizonezko eta zortzi emakumezko: Sagrario Aleman, Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Miren Azkarate, Miren Agur Meabe, Jean-Baptiste Coyos, Patxi Goenaga, Roberto González de Viñaspre, Jabier Kaltzakorta, Joseba Lakarra, Alfontso Mujika, Beñat Oihartzabal, Miren Lourdes Oñederra, Paskual Rekalde, Patxi Salaberri, Pello Salaburu, Castillo Suárez, Ana Toledo, Miriam Urkia, Andres Urrutia, eta Mikel Zalbide.

Eta hauexek dira egungo hamar euskaltzain emerituak: Andoni Sagarna, Jean-Louis Davant, Andres Iñigo, Xabier Kintana, Xarles Videgain, Patxi Zabaleta, Jose Luis Lizundia, Txomin Peillen, Patxi Uribarren eta Ibon Sarasola.