argia.eus
INPRIMATU
Castejóngo zentrala ixteko epaia oraindik ez bete izana salatu dute
  • Joan den urrian eman zuen Espainiako Auzitegi Gorenak Elerebro enpresak Castejónen dituen bi zentral termikoetako bat ixteko epai irmoa, baina ez da oraindik bete, hainbat gizarte taldek eta gaia daramaten abokatuek prentsaurreko bidez salatu dutenez. Horrenbestez, lanean jarraitzen du zentralak. Ribera + Centrales No plataformak eta Sustrai Erakuntza fundazioak foru eta udal agintariei leporatu diete legez kanpoko egoera horren konplize izatea.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko otsailaren 10
2016ko urrian eman zuen Espainiako Auzitegi Gorenak Castejóngo zentral termikoa ixteko agintzen duen epai irmoa. (Arg.: Miguel Angel Cueva-CC By)

Adierazi dutenez, Espainiako Gobernuak indarrean zegoen ingurumen legediari bizkarra emanda baimendu zen zentrala eraikitzea 2005ean. Herri-gunetik gutxieneko 2.000 metroko distantzia ez errespetatzeaz gain, proiektuaren ingurumen inpaktu azterketak hainbat akats zituela azpimarratu dute.

Itxi behar den zentrala Castejónen eraikitako hirugarrena da, eta Elerebro enpresaren bigarrena (Iberdrola da bestearen jabea). Ribera + Centrales No eta Sustrai Erakuntzaren esanetan, “Castejóngoa espainiar sistema elektrikoaren ‘desantolaketa antolatua’ ulertzeko adibide garbia da”. Espainiako Estatuan guztira 110.000 megawatteko potentzia ezarrita dagola gogorarazi dituzte, eskari handieneko uneetan 35.000 inguru erabiltzen ez badira ere.

Eskualdeko hainbat talde eta herritarrek borroka judiziala abiarazi zuten Castejóngo hirugarren zentrala eraikitzeko baimena emandakoan, eta horren azken emaitza izan zen urrian Auzitegi Gorenak emandako ixte-epaia. Hala ere, hiru hilabete eta erdi geroago bete gabe dago epai hori. Ribera + Centrales No eta Sustrai Erakuntzak zentrala berehala itxiarazteko eskatu diete Nafarroako eta Espainiako gobernuei, eta Castejónen lanean dauden beste zentralen baimenak berriz aztertzeko ere galdatu dute.