Zentrala hirigunetik 2.000 metro baino gutxiagora dagoela eta ilegala dela berretsi du epaileak. 2007an eraiki zuten ziklo konbinatuko zentral termikoa itxi egin beharko du Elerebro enpresak.
Castejonen hiru zentral termiko daude, horietako bakarrak dauka oraingoz martxan jarraitzeko baimena. Beste biek auzitegien bidetik aurkitu duten euren akabera. Batak duela bost urte jaso zuen Auzitegi Gorenaren ilegaltasun sententzia, besteak joan den urriaren 18an.
Goreneko epaileak berretsi egin du 2013an Justizia Auzitegi Nagusiak esandakoa, hau da, instalazioa hirigunetik 2.000 metro baino gutxiagora dagoenez itxi egin behar dela “arriskutsua eta kaltegarria” delako. Hala, atzera bota du Elerebro enpresak –Castejon 1 eta 3 zentralen jabea– jarritako helegitea.
2005ean hasi zuten proiektua eta zentrala 2007an eraiki zuten gas energiaren burbuila gorenean zenean. Herritarrak segituan mobilizatu ziren azpiegituraren kontra, auzitara ere eraman zuten. UPNren garaian, baina, Nafarroako Gobernuaren erabateko babesa izan zuen zentralaren jardunak, auzibidea urte luzez ez atzera ez aurrera eramateraino.
Orain, gobernu aldaketa izan ondoren eta gasaren sektorea amilduta dagoela, Castejonen hezurdura izatera kondenatu ditu justiziak tximinia horiek.