argia.eus
INPRIMATU
Iratxe Sorzabalek torturak salatu ditu epaiketaren lehen egunean:
“Carrero Blanco neuk hil nuela ere sinatuko nuela esan nien”
  • Astelehen eta asteartean ari dira epaitzen Espainiako Auzitegi Nazionalean Iratxe Sorzabal euskal presoa, 2001ean torturapean egindako deklarazioak oinarri hartuta. Sorzabalek ukatu egin du akusazio oro, eta guardia zibilek egindako torturak kontatu ditu.

Leire Artola Arin 2022ko otsailaren 07a
Madrilgo Auzitegi Nazionalean deklaratzen ari da Iratxe Sorzabal. / Argazkia: Naiz-eko bideotik.

Fiskaltzak 46 urteko espetxe zigorrak eskatu du Iratxe Sorzabal Iruneko euskal presoarentzat. Madrilgo Espainiako Auzitegi Nazionalean Sorzabal epaitzen hasi dira astelehen honetan, eta asteartean jarraituko dute. 1996an ETAk Gijonen egindako atentatu bat leporatzen diote. Sorzabalek epailearen aurrean azaldu du akusazio guztiak faltsuak direla: “Neure burua eta beste batzuk erruduntzat jo nituen. Guardia Zibilak torturatu egin ninduen eta deklarazio horiek egitera behartu”. Izan ere, 2001eko martxoan torturapean egindako deklarazioak oinarri hartuta egiten ari dira epaiketa.

Guardia zibilek eginiko torturak kontatu ditu epaiketan, eta nabarmendu du sufrimendua bukatzeko edozein deklarazio sinatuko zuela esan ziela torturatzaileei: “Esan nien nahi bazuten sinatuko nuela Carrero Blanco neuk hil nuela. Barre egin zidaten, eta esan zidaten ezin zutela hori sinesgarri egin; baina lasai egoteko, beste asko sartuko zizkidatela”, Sorzabalen hitzak jaso ditu Naizek.

Istanbulgo Protokoloa abiatu zioten Sorzabali 2015an, eta mediku aditu batek ebatzi zuen tortura salaketek “sinesgarritasun osoa” zutela, eta trauma osteko estresa atzeman zion presoari. 2020ko abenduan Parisko Dei Auzitegiak bertan behera utzi zuen Sorzabalen aurkako euroagindu bat, prokuradoreak sinesgarritasuna eman zielako tortura testigantzei, Berriak argitaratu duenez.

Bost egun inkomunikatuta

Atxilotu zutenetik bost egun igaro zituen inkomunikatuta, eta tarte horretan era guztietako torturak egin zizkiotela salatu du epaiketaren lehen egunean. “Autoan begiak estali zizkidaten, deskargak eman, kolpatu, iraindu, ukituak egin, poltsa batekin ito”, gogoratu du. Sorzabalek jakinarazi du deklarazioak buruz ikasi behar zituela, eta guardia zibilek esaten ziotena egin ezean bazekiela torturatzen jarraituko zutela; azaldu du horregatik erabaki zuela bere burua erruduntzat jotzea: “Pasarazten ari zitzaizkidan infernuaren ostean, ezin nuen besterik aukeratu”.

Inkomunikazioaren bigarren egunean ospitaleratu egin behar izan zuten: “Hain nengoen txikituta bigarren egunean, pentsatzen nuela ezin zidatela egin zidatena baino gehiagorik egin”. Kontatu duenez, mediku forentseari erakutsi zizkion haragi bizian zituen zauriak, eta hark esan zion ospitalera eraman behar zutela. Inkomunikazioaren ostean Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileari adierazi zion egindako deklarazioak faltsuak zirela, torturapean eginikoak. Salaketa jarri zuen, baina artxibatu egin zuten kasua, “beste hainbat bezala”, baina Sorzabalek dioenez, “ñabardura gehiago” topatu dituztenez kasua “berriro irekitzear” dago.

'Bi arnas' dokumentala

Urriaren 14an Espainiaratu zuten Sorzabal, epaiketaren harira, eta amaitutakoan Reauko espetxera itzuliko dute, Frantziara. Bertan ari da betetzen kondena. Iratxe Sorzabalen eta haren ama Nieves Diazen testigantzak bildu dituzte Bi arnas dokumentalean, eta era batera edo bestera torturak eragindako arnas falta islatu dute lan horretan, beste ahots batzuekin batera. Itsulapikoa.eus-en diru-bilketa abiatu dute dokumentala sustatzeko.