Gizarte palestinarrarekin elkartasunean luzatutako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak kanpainak "baterajotze nazionalera" deitu du otsailaren 15erako Carrefourrek Hego Euskal Herrian dituen bost merkataritza zentrotan.
Israelen politika suntsitzaileen aurka eta palestinarren eskubideen defentsan 2005ean jaio zen kanpainak Carrefourren kontrako manifestazioa deitu du Hego Euskal Herrian: Iruñean, Gasteizen, Oiartzunen, Bilbon eta Erandion. Ekimena otsailaren 15eko goizeko 12:00etan burutuko da.
BDZk "palestinarren genozidioa eta okupazioa" bermatzen duten "enpresa eta botere egituren kontra" egiten du. Horien artean da Carrefour. Izan ere, 2022ko martxoaren 8an, Carrefourrek frankizia elkarte bat iragarri zuen Electra Consumer Products eta Yenot Bitan filial minoristarekin batera. Biak ala biak entitate sionistak aurrera daraman legez kanpoko kolonia-proiektuen parte dira, BDZk salatu duenez. Carrefourrek, halaber, bere markako produktu batzuk Israelen ekoizteko eta Carrefour markarekin merkaturatzeko baimena eman dio Electra Consumerri; eta soldaduak pakete pertsonalez hornitu ditu.
"Carrefourren jarrerak apartheida, okupazioa eta genozidioa betikotzen du", dio elkarteak, eta era berean "erakunde publiko zein enpresa pribatuen laguntza" zentrala bihurtzen dela Palestinaren espoliazioa kasuan.
Manifestaziora deitzeaz gain, Carrefourren kontrako boikota egitea eskatu du BDZk, ez baditu hurrengoko puntuak betetzen:
Israelgo Electra Consumer Product-ekin duen frankizia hitzarmena indargabetzea; eta Israelek Palestinan dituen kolonia ilegaletan ekoitzitako produktuak saldu ez ditzatela.