argia.eus
INPRIMATU
Carrefourrek Jordanian dituen sukurtsal guztiak itxi ditu Israelen aurkako boikot kanpainagatik
  • Palestinako BDS mugimenduaren presioaren eta eskala handiko boikot kanpaina baten ondoren hartu du erabakia Carrefourrek. Izan ere, finantza-galera erraldoiak sortu dizkio kanpainak, eta enpresaren ospea kaltetu du. 

Leire Ibar 2024ko azaroaren 07a
2022an abiatu zuen BDS-k Carrefourren aurkako kanpaina. Majid Al Futtaim

Majid Al Futtaim Group da Carrefour enpresaren bazkide nagusia arabiar eskualde gehienetan, eta Jordaniako Carrefourrekin zituen merkataritza harremanak erabat eteteko erabakia hartu du. Taldearen 2024ko seihileko txostenaren arabera, txikizkako sektorearen irabaziak ia erdira jaitsi ziren, %47, kontsumitzaileen konfiantzak behera egin zuelako eskualdeko gatazka geopolitikoaren ondorioz.

2022an hasi zuen mugimendu palestinarrak kanpaina, Carrefour enpresak Israelgo erregimenarekin dituen harreman oro eteteko helburuarekin. Israelek Gazako Zerrenda okupatu eta 2,3 milioi palestinarren aurkako gerra genozida hasi zuenetik, Carrefourri boikota egiteko deia areagotu egin da. Enpresa frantziarraren sukurtsalek genozidio krimena babestu dutela salatu du BDSk.

Israelgo indar armatuei doako opariak eman dizkiela eta soldadu israeldar “ausartentzako” dohaintzak biltzeko kanpaina bat ere abiatu zuela kritikatu du BDSk. Gainera, Carrefourrek Israelgo Gobernuarekin akordioak eta Palestinaren aurka egiten duten Israelgo enpresa teknologiko eta bankuekin harremanak dituela azpimarratu du.

Azken urteetan Carrefourrek hainbat sukurtsal itxi behar izan ditu Jordanian, eta orain herrialdean dituen operazio guztiak amaitzeko erabakia hartu du. Carrefourrek Arabiako beste herrialde batzuetan dituen dendak itxi izana ere nabarmendu dute BDSko aktibistek. Horrek boikot kanpaina zabalaren eragina baieztatzen duela azaldu dute.

Carrefour marka daramaten edo beren produktuak saltzen dituzten denda guztiak boikoteatzeko deia egiten du BDSk. Majid Al Futtaim Groupek herrialde arabiar guztietan talde frantziarrarekin duen harremana erabat etengo duela iragarri arte.