argia.eus
INPRIMATU
[Goierri] Carrefour, 50 urte eta argazki bat
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2013ko maiatzaren 30
Olaberriko Carrefourrek ateak itxi ditu gaur (Arg.: Urko Apaolaza)

Bilbon edo Gasteizen Corte Inglés-aren pertsianak ixtea sinbolikoa da. Halaxe gertatzen da Gipuzkoako Goierrin Carrefourrekin. Ez alferrik egon ohi dira goizean goizetik pikete informatiboak denda erraldoiaren atarian. Gaur Olaberriako Carrefourrek hasieratik ateak itxita zituen ordea, argazkian ikus daitekeenez

Merkataritza eta kontsumo eredutik haragoko kritikak egin diezazkiokegu Carrefourri. Merchandisingean eta plastikoz momifikatutako produktuen salmentan ez ezik, langileak estutzen ere abila baita multinazional frantziarra.

Hipermerkatu kontzeptuaren asmatzailea, 1963an lehen saltokia zabaldu zuenetik hedatu baino ez da egin Carrefour. Egun Europako banaketa-kate handiena da, 12.000 saltoki ditu mundu osoan eta 425.000 langile inguru aritzen dira haietan. 2012an 1.233 milioi euroko etekina izan zuen. Euskal Herrian 10 hipermerkatu ditu eta batek daki zenbat supermerkatu. Azkenaldian bogan jarri da Carrefour Express deituriko frankizia; makina bat halako denda “txiki” ireki dituzte Hego Euskal Herrian, azkena joan den igandean Zangotzan: “Konpainiak, osotara, 1.300 lanpostu sortu ditu Nafarroako Foru Erkidegoan”, dio inaugurazioaren karira bidalitako prentsa oharrak. Carrefour, Prezio baxuak… baina konfiantza altua dio multinazionalaren sloganetako batek. Carrefour, Baikortasuna bueltan da. Carrefour, Kalitatea denontzat…

“2.000 janari produkturen prezioak etengabe jaisten ditugu” diosku Olaberriko saltokiaren ateetan paratutako kartelak. Jakiak biltzeko gurdiak txukun daude bilduta, aldameneko tabernako terrazarenak ere bai. Aparkalekuak garbi, lorategiak apain…

Denda barruan baina, kutxa erregistratzaile, palé, stand eta korridoreen artean, langileen zapalkuntza, aldarrikapen eta borroka anitz ezkutatzen da. Belgikan gertatutakoa aipa genezake, herrialdetik alde egin eta ehunka lagun kalean uzteko mehatxua egin zuen, azken batean langileen lan baldintzak okertzeko helburuz. Edo Frantziako Quimper hirikoa, gutxieneko soldatak ez ordaintzeagatik kondenatu baitzuten Carrefour. Konta genezake nola etekinak izan arren, Espainian 6.000 laguni soldata izoztu berri dien, Rajoyren lan erreforman oinarrituta…

Gurean, oso sonatua izan da Angeluko Carrefourren kontra epaileak hartutako erabakia. Ordura arte langileak garbitzen zuen bere uniformea, bada, lan horregatik enpresak ordaindu egin beharko dio hemendik aurrera; orotara 470.000 euro zor zion Angeluko langileei. Carrefourren “giza baliabideetan” daraman politikaren adibide ugari daude. Carrefour Market edo supermerkatu ertainetako LAB sindikatuko blogean sartu besterik ez da egin behar hori ikusteko. Esaterako, ordutegia zabaldu eta igande eta jaiegunetan saltoki handiak irekitzeko asmoen aurrean tira-bira ugari izan dituzte, baita hainbat kaleratzerekin ere.

LABek dio, Espainiako Estatuko Carrefourreko supermerkatuen (Champion taldea) hitzarmen kolektibo (pdf) berriaren ondorioz, urtean 42 ordu gehiago lan egin beharko dituztela langileek. Soldata praktikan hiru urtez izoztu dutela ere salatu du sindikatuak eta igande eta jaiegunetan lan egin behar izanez gero –Euskal Herrian oraindik ez da halakorik gertatu– konpentsaziorik gabe lan egin beharko lukete.

Olaberriko Carrefourreko langileek greba egin dute. Enpresari gustatuko ez zaion ezohiko irudia du gaur Goierriko saltoki ikurrak. “Ezin da argazkirik atera!” oihu egin digu atezainak; halako argazkirik ez badute nahi, badakite nondik hasi.

 

- Goierriko Hitza-ren bideoan, Carrefour eta beste zenbait enpresen greba eguneko irudiak: