Rackete atxilo mantendu ala aske utzi erabakotzekoa zen epailea astelehenean, baina azkenean asteartera atzeratu du erabakia hartzeko eginkizuna. Gerraontzi baten kontrako erresistentzia eta hondoratze saiakera, eta "pertsonen trafikoa" leporatu dizkiote kapitain gazteari.
Hamazazpi egunez itsasoan ibili ostean larunbatean Lampedusako (Italia) portuan baimenik gabe porturatzea erabaki zuenetik, etxean atxilo eman ditu egunok Carola Racketek. Egoera larrian zeuden 42 migratzaile zeramatzan ontziak, eta larritasunak bultzatuta aldebakartasunez porturatzea erabaki zuen kapitainak. Atxiloaldiko lehen bi egunak Lampedusan bertan eman ditu, bertako bizilagun batek jaso baitzuen bere etxean. Astelehenean ostera, Italiako Mugako Poliziak Sizilia uharteko Agrigento hirira lekualdatu zuen. Hasiera batean epailea astelehenean bertan zen Racketen egoeraren gainean erabaki bat hartzekoa, baina asteartera atzeratu zuen eginkizuna. Racketek atxilo jarraituko duen ala ez, asteartean emango du jakitera Italiako justiziak.
Gerraontzi baten kontrako erresistentzia eta hondoratze saiakera leporatzen diote Sea Watch 3 ontziko kapitaina den Racketeri, Lampedusan porturatzean patruila ontzi batek kaia zuelako eta ontzian ziren lau poliziaren biziak arriskuan jarri zituela egotzita. Horrez gain, “pertsonen trafikoa” bultzatzea ere leporatu diote, migratzaileen salbamenduan diharduten gobernuz kanpoko erakundeen —Sea Watch kasu— ontziei Italian lehorreratzea eragozten dien lege berriaren bidez. Akusaziook hamabost urte arteko kartzela zigorrari aurre egin beharrean jarri dute Rackete.
Behin Agrigenton, guardiek epaitegira zeramatela, hainbat izan ziren kapitainari babesa helarazi zioten norbanakoak. Kontrara, mezu xenofobo, arrazista eta matxistekin iraindu zuenik ere hurbildu zen: “Espero dut lau beltzek zu bortxatzea!”, “lehenbizi italiarrak! edo “zakil beltzak gustuko dituzu?” tankerako esaldiak aditu ziren.
Matteo Salvini Barne ministroak ospatu egin du Racketeren atxiloketa. “Atxilotu dute kapitain arau hauslea. Atzeman dute itsasontzi pirata. Isunik handiena ordaindu beharko du atzerriko GKE horrek”, adierazi zuen. Sea Watch GKEa 50.000 eurorainoko isuna ordaintzera zigortu dezakete; hori horrela, internet bidez diru bilketa kanpaina bat abiatu dute, eta dagoeneko lortu dute milioi bat eurotik gora.
Ontzia porturatzean Rackete atxilo eraman zuten, baina migratzaileei lehorrean utzi zieten. Bi migratzaile ostiralean ebakuatu zituzten osasun arazoak medio, eta ontzian jarraitzen zuten gainontzeko 40ak harrera zentro batera eraman zituzten, handik Frantziara lekualdatzeko asmoz. Europako zenbait herrialde migratzaileok hartzeko prest agertu dira: hamahiru Frantzian hartuko dituzte; hamar Alemanian; zortzi Finlandian; eta gainontzekoak Portugal eta Luxenburgon.