Irailaren 3an zendu da pankreetako minbiziaren ondorioz. Katalanak desagertzeko dituen arriskuez zorrotz hitz egin izan du hizkuntzalariak eta haren mezu gordinek deserosotasun ugari sorrarazten zuten. Azken unera arte borrokatu da bere hizkuntzaren alde. Bizitzako azken uneetan katalanez artatua izateko eskubidea errespetatzeko eskatu du, hil ondoren Vilaweb-en argitaratutako artikulu baten bidez.
Carme Junyent Figueras Masquefan jaio zen, Bartzelona erdialdean dagoen Anoia eskualdean, 1955eko otsailaren 4an. Bartzelonan bizi izan zen hil arte. Herrialde katalanetan sona handiko hizkuntzalaria izan da, aldeko eta aurkako sutsuak izan ditu. Euskal Herrira sarri etorri zen hitzaldiak ematera. Hizkuntza afrikarretan aditua zen. Mehatxatutako hizkuntzak eta immigrazio hizkuntzak asko landu zituen. Grup d’Estudi de Llengües Amenaçades (GELA) taldearen zuzendaria zen, eta Universitat de Barcelonan hizkuntzalaria.
2020ko otsailean, Larrun aldizkarian, berari egindako elkarrizketa luzea argitaratu genuen. Orduan, beste askotan egin zuen bezala, katalanaren zaurgarritasunaz aritu zitzaigun. Aitortu zuen ez zekiela bere bilobek katalanez egingo zuten; alegia, katalana salbatu nahi bada lo ez geratzeko arrazoi sendoak daudela zioen. Kataluniako Hezkuntza Saila zorrotz kritikatu zuen, hainbat eta hainbat ikastetxetan ez zuelako katalanezko irakaskuntza bermatzen. Ez zuen aurkitu munduan hizkuntzak salbatzeko eredurik, eta haren proposamena gaztelania-katalana bitasunetik atera eta komunitate eleanitzera bidea egitea zen.
Larrun aldizkarian, hamasei orrialdetan egindako elkarrizketa luzearen bukaeran, kazetariak ondokoa esaten dio: “Katalanez bizi nahi duzu”, eta bere erantzuna: “Bai, eta hori bermatzeko modua aurkitu behar da. Esate baterako, ospitalean hil behar badut, nik katalanez hil nahi dut”.
Hara non, egoera horretan aurkitu du bere burua hizkuntzalari katalanak. Ozen aldarrikatu izan du katalanez hiltzeko eskubidea, eta bizitzaren azken egunak osasun etxeetan eta osasun langile artean igarotzea egokitu zaio. Hil aurretik aldarri horren inguruko artikulua idatzita utzi zuen, eta Vilaweb agerkariak eman du argitara behin hil ondoren.
Artikuluan kezka agertzen du, iritzi diolako azken urteotan gero eta zailagoa dela bizitzako azken egunak katalanez bizitzea, kontratatutako zaintzaileak direla edo administrazioaren beraren osasun langileak direla. Gogorarazten du eta aldarrikatzen du katalanez artatua izateko eskubidea, eta administrazioari eskatzen dio eskubide hori bermatzeko, “izan ere, katalanaren etorkizuna gure esku [herritarren esku] ez dagoen adibideetako bat da”. Norbere hizkuntza errespetatzea osasun artaren barne dagoela adierazi du artikuluan. Eskubidea aldarrikatzeaz gain, bere gaixoaldian osasun langileekin izan dituen hizkuntza bizipenak kontatu ditu. Horietako batean, etxera joandako mediku batekin izandako harremana kontatzen du. Medikuak gaztelaniaz egiten zion eta Junyentek beti katalanez. Halako batean, medikuak galdetu zion ea arazoren bat zuen gaztelaniarekin, eta Junyentek baietz erantzun: bizitza guztian borroka egin zuen herritarrek katalanez hiltzeko aukera izan zezaten eta berari txanda iritsita, “kontsekuentea izan behar dut”, esan zion. Mehatxatutako hizkuntzak aztertzen zituela azaldu zion medikuari, eta uste zuela berak ere lagun zitzakeela pazienteak, bizitzako halako une berezian haien hizkuntzan hitz egiten bazien. Sendagileari El futur del català depèn de tu (Katalanaren etorkizuna zure esku dago) liburua oparitu zion.
Gaixoaldian, osasun langileekin borrokan dabil katalanez egin ahal izateko eta bere medikuak aholkatu dio indarrik ez xahutzeko halako lanetan. “Zaila”, dio Junyentek. Ospitalera eraman duten batean medikuak eskatu dio gaztelaniaz egiteko, eta hala erantzun dio: “Galdetu diot ea ez dion axola ni katalanez ez hiltzea. Berak esan dit ni hobeto artatzeko dela. Hemen agertu da lehenengo hausnarketa etikoa: zein hizkuntza erabili behar da lehentasunez, pazientearena ala medikuarena?”.
Junyentek hizkuntza alorreko hainbat pertsona esanguratsu ezagutu du katalanez hiltzeko aukerarik izan ez duena, eta hala dio artikuluaren bukaeran: “Haiei eta beste guztiei konpromiso hori zor diegu, momentu erabakigarrietan babesgabe ez uzteko eta azken bizipena lehenengoa bezala bizi dezaten”.