argia.eus
INPRIMATU
Carme Forcadellen aurkako salaketa jarri du Kataluniako fiskal nagusiak
  • Carme Forcadell Kataluniako Legebiltzarreko lehendakariaren aurkako salaketa aurkeztuko du Kataluniako fiskal nagusiak, Espainiako fiskaltzak hala agindu ondoren.

ARGIA @argia 2016ko urriaren 17a
Carme Forcadell, Kataluniako Legebiltzarreko lehendakaria. (Argazkia: Vilaweb)

Salaketa Espainiako Konstituzio Auzitegian abiatu zen, Parlamentuak uztailaren amaieran Kataluniako prozesu konstituziogileaz ebazpena onartu zuenean. Konstituzionalak debekatu egin zion Forcadelli lan batzordeak egindako lana bozketara eramatea, baina honek muzin egin zion eta Legebiltzarrak lan batzordearen proposamena onartu zuen Junts Pel Sí eta CUPeko botoekin.

Konstituzio Auzitegiak badauka Forcadell zigortzeko gaitasuna, baina nahiago izan du zigor bidetik jotzea eta gaia Espainiako fiskal nagusiaren esku utzi zuen. Honek agindu dio Kataluniako fiskaltzari salaketa jartzea. Desobedientzia eta prebarikazioa leporatuko dizkiote, Artur Mas presidente ohiari moduan. Kataluniako Auzitegi Gorenean aztertuko da salaketa.

Irailaren 11ren harira ARGIAn landutako erreportajean jorratu zen Kataluniako Legebiltzarrak uztailaren amaieran onartutakoa. Ondorengo lerroetan irakur daiteke:

Konstituzio Auzitegiari egindako desafiorik handiena

Uztailaren amaieran Espainiako Konstituzio Auzitegiak atzeratu egin zuen Kataluniako Legebiltzarrarekiko talka, ustez irailaren 11ko Diadaren ondorengorako utziz. 2015eko azaroaren 9an Legebiltzarrak onartutako deskonexioaren hasieran oinarritzen da guztia. Espainiako Konstituzio Auzitegiak legez kanpokotzat jo zuen onartutako adierazpena. Kataluniako Legebiltzarrak, aldiz, Prozesu Konstituziogilearen azterketa batzordea abiarazi zuen, auzitegiari muzin eginez.

Iragan uztailaren 27an aurkeztu zituen bere ondorioak batzorde konstituziogileak eta Parlamentuak onartu egin zuen Junts Pel Sí eta CUPeko botoekin. Konstituzio Auzitegiak astebete lehenago jakinarazi zion Legebiltzarrari ez onartzeko batzordearen ondorioak, eta hala egiten bazuen zigorrak egongo zirela. Konstituzio Auzitegiari Legebiltzarrak orain arte egindako desobedientziarik esanguratsuena litzateke uztailaren amaierako hau.

Kataluniako Errepublikaren oinarriak

Duela urtebete PPren Gobernuak bultzatutako Konstituzio Auzitegiaren erreformarekin, auzitegi honek zuzenean zigor dezake Kataluniako Legebiltzarra, baina oraingoz ez du horrelakorik erabaki. Legebiltzarreko idazkaria eta Mahaiko kideei ohartarazpenak egin dizkie, eta ez da hortik harago joan. Legebiltzarraren desafioa ikusita, abuztuaren 1ean bildu zen urgentziaz Konstituzio Auzitegia, baina ez zuen inongo zigor neurririk hartu. Gertatutakoa jaso zuen eta Diada ondorengoan berriz biltzea erabaki zuen, egun esanguratsuaren aurretik Kataluniako independentismoarekiko talka saihestu guran.

Espainiako fiskaltzak, aldiz, Konstituzio Auzitegiari eskatu dio jada ekin diezaiola bide penaletik Carme Forcadell Legebiltzarreko lehendakariaren kargugabetzerako. Hala gertatuko balitz, independentistek uste dute Forcadellek normal jarraitu behar duela lanean, kargugabetzeari muzin eginez. Begi bistakoa da, alabaina, hori zilegitasun borroka hastea litzatekeela, besteak beste Espainiako legediaren arabera, Forcadellek sinatutako guztia balio gabekoa litzatekeelako.

Eta zer da zehatz mehatz Konstituzio Auzitegiak bertan behera utzi duena? Legebiltzarrak onartutakoaren arabera, independentzia prozesu honek hiru fase izango ditu. Lehena herritarrek parte hartzeko prozesua izango da eta Forum Sozial Konstituziogileak gidatuko du; forum hau alderdiek eta gizarte mugimenduek osatuko dute. Bigarrenak Espainiako Estatuarekiko deskonexioa ekarriko du, hauteskunde konstituziogileak egingo dira eta ateratzen den parlamentuak Kataluniako Errepublikako Konstituzioa idatziko du. Hirugarren fasean, erreferendum bidez Kataluniako gizarteak Konstituzio berria bozkatuko du.