argia.eus
INPRIMATU
Carlos Slepoy hil da, frankismoaren biktimen abokatua
  • Frankismoaren eta Latinoamerikako diktadura ugariren biktimekin lan egin zuen Carlos Slepoy abokatuak; astelehenean hil da Madrilen, 68 urterekin.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko apirilaren 18a

Argentinako diktaduratik ihesi iritsi zen itsasoz bestaldera 1979an. Jorge Rafael Videlaren diktadura hasi baino bi aste lehenago atxilotu, torturatu eta 20 hilabetez espetxeratuta eduki zuten.

Espainiako Estatuan, baina, ez zen bere sufrimendua amaitu. 1982an, Polizia kolpatzen ari zen gazte batzuk babestera joan zenean Madrilen, polizia batek atxilotuta zeramala esan zion, eta bizkarrez jarri zuenean tiro bat eman zion. Eragin handia izan zuen horrek bere osasunean, eta urte batzuk beranduago gurpildun aulki batean ibiltzera behartu zuen.

Dena den, horrek guztiak ez zuen lortu giza eskubideen aldeko bere lana etetea. Argentinako diktaduraren krimenak epaitu zitzaten lortu zuen itsasoz bestaldetik; Espainiako epaitegietan lan egin behar izan zuen, baita ere Txile eta Guatemalako krimenak epaitu zitzaten.

Espainia epaitzeko Argentinara

Slepoy Euskal Herrian ere ospetsu egin da frankismoko krimenen kontra egin duelako. Beste behin ere itsasoa zeharkatu behar izan zuen horretarako; hemengo krimenak epaitu zitzaten Buenos Airesera joan behar izan zuen. 2010ean abiatu zuen Argentinan Maria Servini epaileak frankismoko krimenen kontra abian den auzibidea.

Slepoyk zioen frankismoko krimen ugari ezin direla preskribatu, nazioarteko zuzenbidearen arabera. Ume bahituen eta desagerrarazitakoen kasuak jarri zituen adibidetzat. Hala, abokatuaren ustez Espainiako Justizia bera ari da delitua egiten. Auzitegi Gorena prebarikatzen ari dela argudiatu zuen, jakinaren gainean “epai bidegabeak” eman dituelako. “Frankismoaren boterea oso indartsua da Espainian, oso errotuta dago erakundeetan eta bereziki botere judizialaren goi karguetan. Zigorgabetasunaren eta ahanzturaren aldeko kultura oso nabarmena da”, esan zion ARGIAri 2012an.