"Erantzuleen artean daude epaileak, torturatzaileak eta diktadura garaian heriotza-epailak sinatu eta demokrazian kargudun izan diren ministro ugari", adierazi du franskimoko krimenen aurkako kereilaren sustatzaile Carlos Slepoy abokatu argentinarrak, Donostian emandako hitzaldian.
Frankismoaren krimenak jardunaldietan parte hartu du Slepoyk. Esan du oraindik bizi diren erantzuleek justiziaren aurrean kontu eman behar dutela: "Geroz eta baldintza gehiago daude Espainian justizia egiteko; hori da argentinar justiziaren helburua. Erantzuleak Espainian epaitu behar dira, eta biktimak espainiar administrazioek erreparatu behar dituzte".
Abokatuak gaineratu du prozesuak fiskalik gabe egin duela aurrera hainbat urtetan, baina "zorionez" hura ordezkatu duen Ramiro Gonzalezek txosten mardula osatu eta zenbait neurri eskatzeko asmoa agertu duela. "Hilabete gutxian nobedade garrantzitsuak izan daitezke", esan du Slepoyk. "Litekeena da Maria Servini epaileak neurri berriak eskatzea gorpuak hobietatik ateratzeari edota senideen artean ADN frogak egiteari dagokienez".
Bestalde, esan du ziur direla Espainiako Gobernuak gaur arte ez duela "memoria, egia eta justiziaren" alde "ezer" egin, eta etorkizunean ere ez duela egingo. "Prestigioa galtzera era isolamendura eramango du horrek".
Espainiako Estatuko zenbait lekutan kereilak jartzeko baldintzak ematen direla gaineratu du, Ondarroan adibidez, ustez 'Muñecas' kapitainak torturatu zuen Andoni Arrizabalagaren kasuan zehazki.