argia.eus
INPRIMATU
Carles Puigdemont libre utzi du epaileak, baina ezin izango du Sardiniatik irten
  • Sardiniako L’Alguer aireportuan atzeman dute poliziek Puigdemont, ostegun honetan. EBk immunitatea kendu zion atxilotzeko arriskurik ez zegoela ebatzita: Espainiak bertan behera utzi zituen hura atxilotzeko aginduak. Ustez, sedizio delituagatik atxilotu dute orain. Ordu batzuetara baina, Sassariko Helegite auzitegiak aske utzi du Puigdemont, irla ez uzteko baldintzarekin.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko irailaren 24a
Argazkia: Dani Blanco

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia atxilotu dute ostegunean Sardinian. Eurodiputatu gisa joan da irlara kultura katalana zabaltzeko urtero egiten den Adifolk topaketetara, eta heldueran, herritarrez jantzitako Italiako mugako poliziek atzeman dute L’Alguer aireportuan. Azken orduko berrien arabera, epaileak aske utzi du politikari katalana, Sassariko Helegite Auzitegiak azken erabakia hartu bitartean, baina ez dio baimenik eman irla uzteko.

Espainiako Auzitegi Gorenaren nazioarteko atxilotze agindu baten ondorioz atzeman dute: Auzitegi Gorenak EFE berri agentziari adierazi dionez, sedizio delitu bat dago Puigdemonten aurka. Generalitateko presidente ohia Sàsserreko Apelazio Auzitegiaren esku geratuko da ostiralean, eta bertan erabakiko dute aske utzi edo estraditatu egingo duten. Deliberatzeko 60 egun izango dituzte, baina, bitartean, preso izango dute. 

Gozalo Boye presidente ohiaren abokatuak Twitter bidez azaldu du atxiloketa ez doala legearekin bat: Puigdemonti 2019ko urriaren 14ko auziarengatik jarri zioten atxilotze agindua bertan behera gelditu zen. “Espainiak [Europar Batasuneko] Auzitegi Gorenari esan zion, eta horrela jaso zuen uztailaren 30eko ebazpenean, herrialde batek ere ez zuela mota horretako agindu bat betearaziko; ebazpen berean, Europar Batasuneko Auzitegi Goreneko presidenteordeak zehaztu zuen, beharrezkoa izanez gero, kautelazko beste neurri bat eskatu beharko zela”.

Hori horrela, EBko auzitegiak immunitatea kendu zion Puigdemonti, atxilotua izateko arriskurik ez zeukala ebatzita. Halere, Espainiako Auzitegi Gorenak presidente ohia ebazteko aginduak indarrean ez zeudela esan arren, Puigdemonten aurka inoiz atzera bota ez duten sedizio delitu bat daukatela azaldu dute. Italiako auzitegiei “errespetua” adierazteaz gain, Gobernuak atxiloketaren zergatiak azaltzeko komunikatu bat zabaldu du: "Abian den prozedura judizial bat aplikatzen zaio Europar Batasuneko edozein herritarri, eta epaitegietan erantzun behar die bere ekintzei". Exekutiboak azpimarratu du Puigdemontek "justiziaren ekintzari men egin behar diola, beste edozein herritarrek bezala". 

Puigdemonten aldeko hitzak

Katalunian asko izan dira Generalitateko lehendakari izandakoaren alde agertu direnak. Josep Costa  parlamentuko kideak Sánchezen gobernuak izan duen jarrera gaitzetsi du: “"EBko beste estatu kide batek eurodiputatu bat atxilotzea eragin berri du Espainiak. Luxenburgoko Auzitegia engainatuz lortu du, hori ez zela gertatuko esan baitzuten. Atxiloketak gehienez ordu batzuk iraungo du, baina Espainiaren lotsa historiarako geratuko da”. Geroago azaldu duenez, EBko Justizia Auzitegiak ebazpena eman baino lehen, legez, Europako organo judizialek ezingo lukete inor atxilotu.

Pere Aragonés Generalitateko presidente eta ERC-ko kideak Puigdemonten aurkako jazarpena eta errepresio judiziala salatu ditu. Oriol Junqueras alderdiko kideak ere ERC-ren mezua zabaldu du: “Estatuaren etengabeko errepresioa geldiarazteko formula bakarra dago: amnistia, autodeterminazioa eta independentzia. Gure babes osoa, presidente”.