argia.eus
INPRIMATU
Makroetxaldeak
Caparroson gertatzen dena agerian uzteagatik salatutakoak “adiskidetze” saiora deitu ditu epaitegiak
  • Makroetxaldeak eragindako kalteak aurkezten dituen txostenaren idazleak salatu zituen Valle de Odieta enpresak, bere "izen onaren kontra" egiten zutelako. Horren harira, martxoaren 30ean ukango dute Iruñean adiskidetze saioa.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 17a
(Argazkia Greenpeace)

Caparrosoko makroetxaldean gertatzen dena agerian uzteagatik Nafarroako hamabost eragile salatu zituen iaz Valle de Odieta enpresak, ustezko irainak eta kalumniak leporatuz. Hain zuzen, makroetxaldearen jabeak dio bere "izen ona kaltetu dezakeen informazioa zabaldu" dutela. Iaz aurkeztu zuten txostena Nafarroako Parlamentuan, gobernuari neurriak hartzea eskatuz. Horren harira dira adiskidetzeko ekitaldi batera deituak talde hauetako ordezkariak. Hitzordua martxoaren 30ean dute Iruñeko epaitegian.

Hauek dira adiskidetzeko saiora deiturikoak: Alnus, Martzilla Bizirik, Elikadura Burujabetzaren Aldeko Elkartea, REAS Nafarroa, Hacendera elkartea, Compañía de las Tres Erres, Lurra elkartea, Ekologistak Martxan, Urbizi, Etxalde, Greenpeace, Landare, Mugarik Gabe Nafarroa, eta Sustrai Erakuntza.

Txostenaren helburua, "ingurumena defenditzea"

Txostena Nafarroako Gobernuko talde parlamentarioen aurrean aurkeztu zuten ingurumenaren eta nekazaritza iraunkorraren alde dabiltzanek. Politikariei Valle de Odieta enpresaren inguruan sortutako egoeraren berri ematea zuten helburu. Asmo bakarra, kolektiboen hitzetan, "ingurumena defendatzea eta Martzillako eta Alesbeseko bizilagunen uraren kalitatea babestea" izan zen.

"Abeltzaintza industriala ez da eredua; interes ekonomikoak eta irabaziak lehenesten ditu pertsonengan, lurraldekoengan, lehen sektorean eta ingurumenean dituen ondorioak kontuan hartu gabe", azpimarratu zuten garaian elkarteek. Makroetxaldeak ingurumenean "izugarrizko kalteak" eragiten dituela jakina da: oraingoz, Valle de Odieta enpresak hemeretzi zigor ditu jasorik.