argia.eus
INPRIMATU
Caparrosoko makroetxaldean ingurumen-delituen aztarnak aurkitu ditu Tafallako Epaitegiak
  • Ikerketaren zantzuak aintzat hartuta errudunak epaitu eta kalte-ordaina ezarri dezan eskatu diote Nafarroako Gobernuari Sustrai Fundazioak eta Greenpeacek. "Babes bereziko eremu bat kaltetu zuten isurketek", eta hartara, "ingurumen delitu" kontsideratzen dela azpimarratu du Lorea Flores Greenpeaceko kideak.

Bidane Beloki Ezker Euskalerria irratia @fm983irratia 2024ko otsailaren 12a
HTN enpresako Odieta Ibarreko filiala, ustez kutsadura eragin zuten isuriak kudeatzen dituena (Argazkia: Sustrai Fundazioa)

2021ean Caparrosoko makroetxaldeak kutsadura isuriak egin zituela salatu zuten Sustrai Fundazioak eta Greenpeacek, eta orain, Valle de Odieta enpresaren aurkako prozedura hasi eta hiru urtera, Tafallako Epaitegiak ingurumen-delituen aztarnak aurkitu dituela jakinarazi du. Tafallako Epaitegiak Nafarroako Probintzia Auzitegira jo du prozedura judizialari jarraipena emateko.

Badirudi egiatan kutsadura larri bat gertatu zela, azaldu du Lorea Flores Greenpeaceko kideak. Floresek nabarmendu duenez, "babes bereziko eremu bat kaltetu zuten isurketek eta horregatik ingurumen delitu kontsideratzen da".

Makroetxaldeen aurkako Nafarroako Plataformako kideek "positibotzat" jo dituzte jasotako berriak, auzibidea ikerketarik egin gabe itxiko zutela uste baitzuten. Epaitegiaren lehen urratsen aurrean eta ikerketan baieztatutako zantzuak ikusita, Nafarroako Gobernuarengana eramango dituzte aldarrikapenak. Sustrai Fundazioak eta Greenpeacek Nafarroako Gobernua presionatzen jarraituko dute esku har dezan; epaiketa gauzatu dadin eta produkzio sistema jasangarriago bat babestu dezan.