argia.eus
INPRIMATU
Caparrosoko behitegiaren kontrako helegite bat atzera bota du Nafarroako Gobernuak
  • Marcillako Udalak makro-behitegiaren kontra jarritako helegitea ez du onartu Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren sententzia irmo bat dagoela argudiatuta. Valle de Odietak 7.200 abelburura zabaldu nahi du haztegia eta sortuko lukeen ingurumen kalteagatik proiektua eteteko eskatu du udal horrek.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 27a
Caparrosoko behitegiko jezte-gune erraldoia (arg: Eguzki)

Caparrosoko behitegia zabaltzeko onartutako Ingurumen Baimen Bateratuaren aurka Marcillako Udalak jarritako aurretiazko errekerimendua atzera bota du Nafarroako Gobernuak, sententzia judizial "irmo" bat dagoela eta "epailearen aginduz bete" behar dela adieraziz, administrazioaren arlotik harago doalako.

Gainera, Marcillako Udalak eskatzen zuen behitegiaren handitzea gelditzeko, lur azpiko uretan dauden nitrato kopuru ez-ohikoen eta behitegiaren arteko erlazioa txosten perizial batek argitzen duen bitartean. Eskari hori ere ez du onartu exekutibo foralak, bere esanetan ezin delako erlazio hori demostratu lur azpiko uren azterketa soila eginez: "Datu horiek soilik erakusten dute akuiferoetan nitratoak handitu direla aztertutako guneetan, baina ez hori behintegiarengatik gertatu denik".

Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailak onartu du "arazo bat" dagoela Ebro eta bere ibaidarretako nitrato kontzentrazioekin, baina "ikerketa integral" bat behar dela dio, "egoera zuzentzeko neurriak hartzeko".

Valle de Odietak bere tamaina bikoiztu eta 7.500 abelburura zabaldu nahi du 2023 urterako Caparroson duen behitegia, Alesbes eta Martzilla udalerrietatik gertu, Bardearen ondoan. Europako makroetxalderik handienetakoa da eta behitegiak berak eta bertan sorturiko hondakinen kudeaketak kezka handia sortu du, eta bereziki inguruko herrietan. Marcilla Viva plataformako kideek, esaterako, Aragoi ibaiaren arroko ekosistema hondatu dezakeela uste dute, behien mindak haraino iritsiko baitira eta sinadura bilketa abiarazi dute.

Proiektua abian jarri eta behi haztegia handitzeko planak azaleratu ahala, mobilizazio eta ekimen judizialak etengabeak izan dira. EH Bilduk Europako Batzordera eraman du gaia eta Nafarroako Gobernuak berak ere jakinarazi du auzitara joko duela kooperatibaren kontra –Sorian 20.000 abelburuko haztegia ere eraiki nahi duena–, digestaroaren tratamendu desegokiak ingurumena kaltetzen duelakoan.