argia.eus
INPRIMATU
Cao Ky-ren estiloa Kapitolioan

Mikel Aramendi 2022ko abenduaren 26a

Patrick Leahy senatari ezin beteranoagoak gogora zezakeen, inork gogoratzekotan. N. Pelosi bera hasiberriegia izango zen Nguyen Cao Ky-ren aditzera garbia izateko zuzenean. Leahyk arestian argitara eman duen bere agurreko "testamentu" politikoan, noski, ez du aipatzen halakorik (ezta Vietnami buruzko beste ezer ere), baina bera 1975ean Senatura heldu zenean, Cao Ky oraindik Saigonen zegoen, aginterik gabe bederen. Handik lau hilabetera ihes egingo zuen, enbaxadore estatubatuarrarekin batera, Frequent Wind operazioko helikoptero gogoangarri haietan... 25 urteren bueltan Vietnam "etsaira" itzuli eta ergelkeriak ez zirenak esateko.

Bada, Volodymyr Zelensky AEBetako Kapitolioan hizketan entzun ahala, ideia-elkarketa trauskil samarragatik, Cao Ky hura, Hego Vietnamgo erregimeneko bigarrena (baina lehena izateko grinaz beti) etorri zitzaidan gogora. Ukrainarrari Biden eta abarrek egindako harreraren kontura Tucker Carlsonek Fox Newsen zerabilen aztoramendu eta amorraziotik oso urruti baina, agian, deliberamendu berdintsuetara etortzeko.

Desberdintasun askorekin batera, Cao Ky eta Zelenskyren artean aurki baitaitezke ageriko hainbat kidetasun, mami gutxikoak batzuk (adina, demagun), eta ez horren hutsalak beste batzuk (uniforme garbi-garbiekin beti hedabideetan egoteko zaletasuna, adibidez). Baina nire elkarketa beste nonbaitetik piztu zen.

"Eskatzen dizkizuedan arma guztiak ematen badizkidazue, eta beharko dudan diru guztia ere ematen badidazue, zaudete lasai, geuk irabaziko dugu gerra. Zuentzat ere niretzat bezain garrantzizkoa den gerra hori, neuk irabaziko dizuet, bai horixe. Jendea, nahieran daukat nik; zuen baliabideak behar ditut". Non entzun nuen nik horrelako zerbait aspaldi batean? Bada, bai: Cao Ky. 40 urte bete baino lehen mariskalordea omen zenaren betiereko kalamatrika izan zen 60ko hamarkadaren zati handi batean. Setazko zapia beti lepoan zuela.

Cao Kyk hegazkinak eskatzen zituen, Ipar Vietnam txikitzeko. Igartzen zailak ez diren zioengatik, Estatu Batuek ez zituzten aintzat hartu Cao Kyren eskakizunak, eta nahiago izan zuten beren hegazkinekin, itsasontziekin eta baseetatik Vietnam, Ipar nahiz Hego, zukutzea. Hala ere, gerra galdu egin zuten. Bai Cao Kyk eta bai AEBk.

Ia hirurogei urte geroago, Zelenskyk misilak nahi ditu. Errusiarrenak eraisteko eta Errusia bonbardatzeko. Uniformeak behar bezala eramateko, osagarriak behar dira, antza. Historia ez da errepikatuko, baina dramarik latzenean ere, beti dago komedia-kutsuko zerbait.