argia.eus
INPRIMATU
Cannes-ek Claudia Cardinale argaldu izanak haserrea eragin du
  • Claudia Cardinale aktore italiarraren 1959ko argazki bat paratu du Cannesko Zinema Jaialdiak bere promozio-kartelean. Irudiak, ordea, badu desberdintasunik jatorrizkoarekin: aurpegiko zimurrak ezabatuak izan dira, eta aktorearen gerrialde, beso eta izterrak argalagoak dira, Photoshop bidez manipulatuak.

Jon Torner Zabala @jtorner 2017ko martxoaren 31
Claudia Cardinale 1959an, eta Canneseko kartelean. Manipulatu dituzte aurpegia, ilea, besoak, izterrak...

"Cardinale ez dago hor hesteetako igarobidea arintzen duen yogurta edo gauerako krema bat saltzeko", idatzi du Nadia Daam kazetari frantziarrak Slate agerkarian. "Cannesko Jaialdiaren 70. edizioko kartela da, helburu duena emakume 'abenturazale, independente eta konprometitua' erakustea, jaialdiak berak azaldu duenez".

Gogor egin du kazetariak antolatzaileen aurka, edertasun kanonak eta zinemaren rola ardatz hartuta. Ez da bakarra izan. Sare sozialetan zalaparta handia eragin du kartelak. Hura egin duen enpresak (Bronx) eta jaialdiaren antolatzaileek azalpenik ez dute eman oraindik,

Claudia Cardinale: "Zinema besterik ez da"

Aktore italiarrak garrantzia kendu dio polemikari. "Poster bat da, ni baino, irudikatzen duena dantza bat, hegaldi bat. Irudia ukitua izan da arintasun hori nabarmendu eta ni ametsetako pertsonaia baterantz eramateko: sublimazioa da. Errealismoarekiko kezkak ez du zentzurik. Feminista bezala, ez dut uste emakume gorputza erasotua izan denik. Eztabaidatu beharreko gauza inportanteagoak badira munduan. Ez dezagun ahaztu: zinema besterik ez da hau".