Zerbitzu juridikoak aurka agertu arren, Nafarroako Legebiltzarreko Mahaiak onartu du kalamuaren aldeko taldeak erregulatuko lituzkeen herri proposamena tramitatzea, PSN, Bildu, Aralar eta I-Eren botoei esker. PPk eta UPNk aurka bozkatu dute.
Ganberako zerbitzu juridikoek bi arrazoi funtsezko nabarmendu dituzte tramitea bazter utzi nahi izateko. Batetik, Nafarroak ez duela gaia erregulatzeko eskumenik, eta bestetik, Espainiako Estatuko eskuduntzetan indarrez sartzea litzatekeelako, bereziki zigor alorrean eta osasun nahiz segurtasun publikoari dagokienetan.
Orain legea lortzeko herri ekimenak sei hilabete ditu 5.000 sinadura baino gehiago lortzeko, eta horien babesean, proposamena Nafarroako Legebiltzarrean defendatzeko.
Aralar taldeko parlamentari Asun Fernandez de Garaialdek adierazi duenez, “bada garaia, behingoz eztabaidari heltzeko”. Zentzu horretan, “Legebiltzarra debaterako espazio aproposa” dela gogoratu du.
I-E taldeko Marisa de Simonek, berriz, “ekimenak baldintza guztiak betetzen” dituela nabarmendu du, eta gaineratu, txosten juridikoak ezulertuetarako bidea ematen duela “espazio pribatuetan kontsumitzea ez delako batere argi gelditzen”.
PP alderdiko Ana Beltranek, berriz, txosten juridikoa berretsi zuen, “Espainiako eskuduntzak inbaditzea” dakarrela esanez. “Taldeak kexu azalduko dira gero, [Espainiako] Gobernuak legeetara jotzen duela-eta”.