Hitzetik hortzera dabiltzan bi gai landu dituzte Geroa Baiko Jokin Castiella, EH Bilduko Bakartxo Ruiz eta Ezkerrako Joseba Ezeolaza parlamentariek, Juan Kruz Lakasta kazetariaren gidaritzapean: Nafarroako Kutxako ikerketa batzordea eta Espainiako hauteskundeak.
CAN ikertzeko egin zuten lehenengo batzordea izan du gogoan Castiellak. "Batzorde hura egin bazen, ia-ia iraungitze epearekin egin zen. Izan zen PSNren jokaldi elektoralista", esan du. Horregatik, bigarren bat abiatzeko beharra azpimarratu du. "Nafarroako Kutxa ez da nafar guztion kutxa... Nafarrok ez dugu azalpenik jaso. Alderdi politikoen erantzukizuna da nafarroi argitzea zer gertatu zen, iazko batzorde hura antzerkitxo bat izan zelako".
Bat egin du Ruizek Castiellaren irakurketarekin. "Beste elementu bat" gaineratu du: "Nafarroako Kutxaren Fundazioaren esku dagoen informazio guztia". UPNk hautatu zituen fundazioan dauden pertsonak, eta "lehenik eta behin traba hori gainditu beharko da".
Zeintzuk osatu duten bigarren ikerketa batzordea. Hori da beste gakoetako bat, Bilduko kidearen irudiko, erregionalistek lehen lerroko politikariak jarri ez dituela deritzo. "Luis Casado, Esparza, Adanero... ez egoteak harritzen nau".
Ezeolazak testuinguruan jarri du mira. "Kontuan izan hartu behar da [CAN] gure erreminta ekonomiko garrantzitsua zela", gogorarazi du, aipatuz, egun, galdu egin duela indar hori. UPNren ardura delakoan dago, kutxa "haien eredu ekonomiko eta politikoaren isla izan delako".
Espainian, "gobernurik ez osatzeko borondatea" egon da, Geroa Baiko parlamentariaren begietara. "Ezgaitasuna" da agerian geratu dena, Ruizek dioenez, eta Ezeolazak esan du "politikaren fama kaxkarra" indartuko duela errepikapenak. Ezkor mintzatu dira hirurak.
Balizko aliantzen inguruan, iritzi bateraturik ez. Nafarroako Gobernua osatzen duten lau indarrak batera aurkezteaz egin du solas Ruizek. Hauteskunde horiek Bildurentzat "jokalekurik errazena" ez direla onartu duen arren, "aukera paregabea" dira, "nafarren hitza" eramateko Madrilera. Laurak batera joateko, alegia.
Ez dio hari mutur horri eutsi Ezkerrako parlamentariak, izan ere, Podemosekin joatearen alde azaldu da haren alderdia Espainian. "Helburua ez da diputatu gehiago ateratzea, baizik eta ezker soziala indartzea", esan du. "Ibilbide eta historia antzekoak eta lehentasun sozialak dauzkatenekin" joanen da Ezkerra.
Geroa Bai eta EH Bildu biak batera joan daitezkeela ere iragarri dute hedabideek azken asteotan, parlamentariek, ordea, ez dute sakondu gaian. "Hori nagusiek jakinen dute", esan du txantxa tonuan Castiellak: "hauteskundeetara aurkeztuko garela argi dago. Zein formatutan, hitz egin behar da". Ruizek argitu du EH Bilduk ez duela gaia "aztertu".
Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra