Miguel Arias Cañete, PPko Europako hauteskundeetako zerrenda buruak PP eta PSOEren arteko koalizioa egiteko aukera mahai gainean jarri du.
“Salbuespenezko krisi egoeran, ideologia desberdinetako alderdi asko dituen Gobernuak kalte egin diezaioke herrialdeari”, azaldu du Cañetek. Eta “interes orokorrak hala hobesten badu" Espainiako Estatuko datozen hauteskunde orokorretan alderdi nagusien artean koalizioa osatzeko aukerarekin bat egiten duela adierazi du.
Espainiako Nekazaritza ministro ohiaren ustetan, "herritar gehienek" PP edo PSOEren ideiekin bat egiten dute, eta horregatik mantentzen da alderdi-bitasuna Espainiako Estatuan. "Gobernu txandaketa" hori egoki ikusten du Cañetek, “herrialdearen gobernagarritasunerako lagungarri” dela uste baitu.
Info Librek hilaren 5ean argitaratutako albistean “Koalizio Handia eskuratzeko operazioa” martxan dela iragarri zuen. Hedabidearen esanetan, PP eta PSOE batzeko proiektuak babes zabala du: Ibex-35 finantza nukleo nagusiaren interesekoa da, aparatu politiko nagusiek –PP, PSOE eta Estatuak– babesten dute, eta Prisa bezalako komunikazio enpresa boteretsuentzako lagungarri litzateke.