argia.eus
INPRIMATU
CANen auzian, Mirandak deklaratu behar du gaur
  • Álvaro Miranda Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilari-ohia CAN auzian inputatu bezala deklaratzera deitua zegoen gaur goizeko 10:00etan.

     

Lide Hernando @lidehernando 2013ko apirilaren 16a
Goizeko 10:00etan zegoen deitua Miranda deklaratzeko (argazkia: abc.es)

Dagoeneko deklaratu dute kasuan inputatuak dauden beste bi politikariek: Miguel Sanz Gobernuko presidente ohiak aurreko ostiralean, eta Iruñeako alkate Enrique Mayak atzo.

Goizeko 9:00ak igarota iritsi da kontseilaria justizia auzitegira. Eraikinaren sarreran Kontuz! kolektiboak elkarretaratzea deitu du ordu horretan. “Lapurtu dutena itzul dezatela” eta “Lapurrak instituzioetatik kanpora!” oihupean egin diote harrera Mirandari.

Kasuaren epaile María Paz Benitok Sanz, Maya eta Miranda (UPN alderdikoak denak) inputatu zituen, CANeko organo ezezagun bateko bileretara joan eta dietak kobratu izanagatik. Hirurak ziren CANeko goi karguak, Yolanda Barcina Nafarroako gobernuburuarekin batera. Azken hau epaileak ez du inputatu, foruduna delako.

Mayak eta Sanzek deklaratu ostean, oraindik ez da jakin bilera horiek zeinek antolatu zituen.

Kasuan nahasturik dauden lau goi-karguek dietetan irabazitako zati bat itzuli egin dute dagoeneko: Mayak 6.868 euro, Mirandak 27.472 euro, Barcinak 31.324 euro eta Sanzek 39.028 euro.