argia.eus
INPRIMATU
CANeko idazkari ohia lekukotza faltsuagatik ikertzeko eskatu du Kontuz-ek
  • CANeko idazkari ohi Alberto Pascualek eta haren alboko Amaia Randezek epailearen aurrean deklaratu zutenean "ez zuten egia esan", Kontuz plataformak salatu duenez. Maria Paz Benito epaileari eskatu diote bi kargudun ohiek lekukotasun faltsuen delitua egin ote duten aztertzeko.

ARGIA @argia 2013ko irailaren 20a
CAN auzia "zabalik eta bizirik" dagoela adierazi du Kontuz-ek.

Nafarroako Kutxako dieten auzia "irekita eta bizirik" dagoela nabarmendu zuen atzo Kontuzek, Iruñean emandako prentsaurrekoan. Plataformako kideek irregulartasun gehiagoren berri eman zuten.

Kontuzek ustezko delitu informatikoen zantzuak aurkeztu ditu, ustez CANeko batzorde iraunkorreko hamabi akta manipulatu egin direlako.

Guardia Zibilaren txostenean oinarrituta da Kontuz. Poliziek egindako analisien arabera, aipatu aktak bilera egin eta urtebete baino gehiagora idatzi ziren. Gainera, behin idatzita zeudenean aldatu egin zituen norbaitek. Erantzuleak nortzuk diren ez daki Guardia Zibilak. Bai, ordea, CANeko ordenagailuetatik idatzi eta aldatu zirela.

Plataformak salatu duenez, lekukoen adierazpenak ez datoz bat Guardia Zibilen teknikariek esandakoekin. Bestalde, gaineratu du Yolanda Barcinak, Miguel Sanzek eta Alvaro Mirandak batzorde iraunkorreko bilera bat (2011ko urtarrilaren 10ekoa) egin baino lehenago (2010ean) kobratu zituztela dietak. Guardia Zibilaren txostenaren arabera, bilera horretako akta 2012ko abenduaren 20an idatzi zen.

Ohiko bidea, zabalik

Kontuzek jakinarazi duenez, Maria Paz Benitok haien eskaerak aintzat hartzen ez baditu, ohiko bideetatik kereilatuko da bi idazkari ohien aurka.

Ustezko testigantza faltsuei dagokienez, hiru urte arteko espetxe zigorra jaso dezakete Pascualek eta Randezek, baldin eta epaileak delitua egin dutela ebazten badu.

Kontuz plataformaren prentsa oharra, gaztelaniaz.