Istiluak, barrikadak eta sua hirugarren gauez Bartzelonako Sants auzoan. Can Vies zentro sozial autogestionatua hustu eta eraistearen kontrako protesten albiste ugari irakurtzen ari gara baina, zergatik erabaki dute 17 urtez martxan egon den eraikina justu orain hustea?
Asteartean 4.000 izan ziren arratseko manifestazioan parte hartu zutenak. Asteazkenekoan 7.000. Eta Bartzelonako gainontzeko auzoetara zabaltzeaz gain, Can Vies efektua –izen hori hartu du jada sare sozialetan– beste hainbat hiritara ere zabaltzen ari da –Bilbon eta Donostian elkarretaratze bana deituta dago ostegunean, 20:00etan Arriagan eta 19:00etan Bulebarrean–.
Azken eguneko istiluen balantzeak 27 atxilotu utzi ditu baita Mossoek auzotarren aurka erabilitako bortizkeriaren ondorioak erakusten dituzten hainbat irudi ere. Belarria erdibitu dioten gazte honen argazkia asko zabaltzen ari da asteazkenetik, adibidez (bideo honek erakusten du nola oldartu zitzaion polizia).
Palau bat estaltzeko adina
Ia bi hamarkadaz auzo guztiarentzat ateak zabalik izan dituen espazio bat hustu eta botatzearen ondorio nagusia espazio horren galera da, noski, eta horrek inguruko elkarte eta mugimenduentzat sortzen duen gabezia. Baina Can Viesen biltzen ziren herritarren kontra Kataluniako Generalitateko Barne sailak aste honetan abiatu duen blitzkriegak badauka beste irakurketa bat ere.
Asteazkenean egin zen publiko “Hotel del Palau auzia” delakoaren sententzia –“Millet auzia”-ren barruko adar bat, izen horrekin ezaguna, haren erantzule nagusia den Félix Millet i Tusellengatik–. Orfeó Catalá-Palau de la Música fundazioaren patronatuko presidentea zen Millet eta 2000ko hamarkada osoan erakunde horretatik diruak legez kanpo desbideratu izana leporatu zioten.
Kasuak Convergència Democràtica de Catalunya –CiU koalizioko alderdi nagusia– ere zipriztindu du eta Kataluniako gizartean ezinegona sortu, musika jauregiak erakunde gisa daukan garrantzia sinbolikoarengatik. Gainera, "Hotel del Palau"-ren kasuan, eraikin baten birkalifikazio irregularra ere ikertu da.
Aste honetan jakinarazi da azkeneko kasu horren sententzia eta seina hilabeteko kartzela zigorra ezarri zaie Félix Milleti eta Jordi Montulli eragin-trafikoarengatik. Milletek 3,6 milioi euroko isuna ordaindu beharko du gainera. Montullek 900.000 eurokoa. Epaia biguna izan dela uste dute askok, absolbitu egin baititu auzian inplikatuta zeuden Bartzelonako Udaleko hirigintza alorreko buruzagi guztiak.
(Millet eta Montull, Palau auziko epaiketan. Argazkia: El Periódico).
Horrelako gai batek telebistako informatiboak zabaldu beharko lituzke, egunkarien webguneetan lehen albistea izan, irrati-tertulietarako ordutako kalaka. Baina historia nagusi bat dagoenean, besteak itzalpean geratu ohi dira eta Generalitateko buruek bazeuzkaten tresnak leherketa soziala eragiteko, eraikin bat huste hutsarekin. Baita erabili ere.
Emaitza: egunotan hedabide katalanetatik osteratxoa egiten duen edonork ikusiko duenez, Santseko istiluak dira lehen hizpidea. Auzo oso bat sutan jarri zentro sozial bat goitik behera botaz. Eta haren hondakinekin Palau de la Músicaren ustelkeria estali.