argia.eus
INPRIMATU
Can Viesen etorkizuna oraindik ezbaian
  • Bartzelonako Sants auzoko Can Vies zentro sozialaren eraistea hasi zuten duela bi aste, eta inork ez daki oraindik zein izango den gatazkaren konponbidea. Udalak eraikineko kideei eskaintza berriak egin dizkie, zentro soziala botatzea negoziaezina dela dioen arren.

Judith Perez @judyjudd 2014ko ekainaren 09a
Bartzelonako udalak Can Viesen eraistea gelditu du (Argazkia: Ana Jiménez | LVE)

Udalak egindako hasierako eskaintza zen Can Vies hustea zaharberritze lanak irauten zuten bitartean, eta ondoren berriz okupatzea eraikina  bota arte. Kolektiboak proposamenari uko egin zion, ez baitzuen uste udalak bueltatzen utziko zienik. 17 urte eta gero eraikinetik botatzeko azpijokotzat hartu zuten.

Astebeteko protesten ostean Xavier Trias alkateak (CiU) Can Viesen eraistea geldituko zuela iragarri zuen, negoziatu ahal izateko. Joan den asteazkenean Joaquim Forn alkateordeak (eraikinaren jabe den TMB enpresa publikoko presidentea ere bada) udalaren proposamen berria aurkeztu zuen: obra-hondakinak kentzeko eta eraikina auzoko kolektiboei honen konponketarako uzteko prest zeuden. Can Vieseko defendatzaileek garaipentzat jo dute, bat bezala ikusi dute, baina ez daude prest negoziaziorik egiteko udala bere kabuz eraikina botatzen hasi ostean.

Can Viesen kolektiboak bost egunetako protesten ostean eraikinaren berreraikitzeari ekin zion. Hainbat egunetan lanean jardun ostean, eta udalaren azken proposamenari ezetz esan eta gero, eraikinaren kanpoaldea garbitzea lortu zuten. Guztiz berreraikitzea zailagoa izango da. Hala ere, arkitektoen kolektiboarekin hizketan hasi dira eta eztabaida auzoari ireki diote. Udalak dio ezingo dutela egin obra baimenik gabe, baina zentro sozialeko kideek aurrera jarraituko dutela esan dute.