Bartzelonako epaile batek zortzi hilabete eta hiru urte eta bederatzi hilabete arteko kartzela zigorra ezarri die lau gazteri. Gazte hauei 2014ko maiatzaren bukaeran Can Vies zentro sozial okupatuaren desalojoaren aurkako istiluetan parte hartzea egozten diete.
Mosso d’Esquadra bati botila bat jaurtitzeagatik hiru urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio epaileak 19 urteko gazte bati, lauen artean zigorrik altuena alegia. Desordena publikoak egozten zioten bosgarren gazte bat absolbitu du epaileak.
Can Vies, Bartzelonako Sants auzoko zentro sozial okupatua, iazko maiatzaren 26ean etxea hustu eta eraikina eraisteari ekin zioten. Horren aurka, milaka lagunek Sants auzoko kaleak hartu zituzten, mobilizazioetan hainbat istilu egon eta tentsio momentu ugari bizi zirelarik. Eraisketaz arduratzen zen garabia erre zuten istilu horietako batean, ekintza hau mugimenduaren ikur bilakatuz.
1987an okupatutako zentro sozialaren eraisketaren aurkako mobilizazioek udaletxeak errausketa bertan behera utzi zuen. Egoeraz baliatuta, 300 pertsona baino gehiagok zentro okupatua berreraikitzen hasi ziren segituan. Berreraiketa gauzatzeko martxan jarritako crowdfunding kanpainari esker 90.000€ inguru lortu zituzten.
El Pais egunkariak abenduan argitaratu zuenaren arabera, Xavier Trias Bartzelonako alkateak (CiU) Can Vieseko berreraiketarekin ez jarraitzeko “lizentziarik gabe obrarik egin ez dezaten neurriak hartuko dituela”, azaldu zuen.