argia.eus
INPRIMATU
Can Vies hustearen kontrako protestetan gazte bat jipoitzeagatik, bi Mosso zigortu dituzte
  • Bartzelonako Auzitegiak kondena partzialarekin zigortu ditu Jesus Antonio Zoyo Rodriguez eta David Villares Yelmo poliziak.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 07a

La Directak jakinarazi duenez, 2014ko maiatzean Bartzelonako Sants auzoko atari batean babesgabe ziren hiru gazteri emandako jipoiagatik zigortu dituzte polizia agenteak, Can Vies zentro sozial autogestionatua hustearen aurkako protesten testuinguruan. Lesio delitua egotzita eta tresna arriskutsuak erabiltzearen larrigarriarekin, Zoyo eta Villares polizia agenteak Bernat gazteari emandako kolpeengatik zigortu dituzte. Sei urteko kartzelaratzea, epealdi horretan lan eta soldatarik gabe geratzea eta 2.800 euroko kalte ordaina ezarri diete zigor gisa. Hala ere, ez dira kartzelatik pasako eta kalte ordaina, kasurik txarrenean, sindikatu polizialen kargu egotera pasako da.

TV3 telebista katearen eta Jordi Borras fotokazetariaren irudiak erabakigarriak izan dira polizia agenteak zigortzerako orduan. Irudiek agerian uzten dutenez, hirugarren polizia agente batek ere, Francisco Javier Guitian Posadak, borra kolpe kaltegarri bat eman zion gazteari. Kolpeak esku-hartze kirurgikoaren beharra eskatzen zuen kalte larririk eragin izana frogatu ez denez, sententziaren txostengilea den epaileak falta modura katalogatu du, salbuesleak eta preskripzioak ezarri ostean zigorra efekturik gabe geratu delarik. Kondena partziala da, epaimahaiak ezin izan baitu zehaztu Bernatekin zeuden beste bi gazteei buruan eta belarrian eragindako zaurien – jipoiak eragindako larrienak - egileak zein izan diren, nahiz eta argi egon Mossoak izan zirela. Operatiboan parte hartu zuten Daniel Muñoz Lorente eta Luis Miguel Venteo Fernández poliziak absolbitu egin ditu epaimahaiak, erantzukizun zuzen zein hierarkikorik ez dutelakoan.

Duela gutxiko huste batean eragindako lesioak

L'Hospitalet de Llobregateko (Katalunia) bizilagun batek Mosso bat salatu berri du, huste batean eragindako lesioengatik. Gertakaria maiatzaren 29an eman zen, hiru aste atzera Ramon eta Danielek okupatutako eraikinean bi gizon ate-joka azaldu ziren, eta Ramonek atea irekitzerakoan borra kolpe bat jaso zuen begian bete-betean, begia lehertaraziz.

Ramon eta Daniel zeuden eraikinak erabilerarik gabe urteak zeramatzan, hiriko San Jose auzoko bizilagunek La Directari azaldu diotenaren arabera. Hau okupatu zutenetik, bertan ziren bi bizilagunek ez zuten jaso jakinarazpenik ez administrazioaren, ez poliziaren, ez epaitegiaren partetik. 9088 eta 16202 plaka zenbakidun Mossoek onartu dutenez, agindu judizialik gabe esku-hartu zuten hustean, eraikinaren jabeen errekerimenduei jarraituz soilik.

9088 plaka zenbakidun sarjentua indarkeriaz eta agindu judizialik barik egiten dituen eraikinen husteengatik ezaguna dela diote auzokideek. La Directak ziurtatu ahal izan duenez, gertakari honetan parte hartu duten bi agenteak 2016ko udazkenean jarritako kereila baten jo-puntuan daude, bikote bat eta hauen haurrak indarkeria gradu altuarekin etxegabetzeagatik.