Bartzelonako kaleetan aste osoan egindako protestek eragina izan dute eta Udalak Can Vies zentro sozial autogestionatuaren eraisketa gelditu du. Auzotarrek, euren kabuz, eraikinaren berreraikuntzari ekin diote.
Bartzelonako CUPen Twitter kontuak larunbat goizean argitaratu duen argazki batean hainbat lagun ikusten dira buruan eraikuntzako kasko horiak jantzita, Can Vies berriz zutitzeko prest. Udalak hainbat egunetako istilu gogorren ondoren, menia gisa eskaini duen elkarrizketari itxaron gabe hasi dira lanean.
Istiluek utzi dute bestelako ondoriorik ere: Vilawebek argitaratu duenez, egunotan atxilotutako lagunetatik 25 behin behinean aske utzi dituzte, manifestazioetara joateko debekuarekin. Eta atxilotuetako bat kartzelara bidali dute.
Mossoen indarkeriaren ondorioz belarria erdibitu zioten gazteak ere epaitegietara jo du Kataluniako polizia autonomikoari ardurak eskatzeko. La Directan irakur daitekeenez, Santseko istiluengatik salaketa gehiago ere etor litezke.