argia.eus
INPRIMATU
Can Vies berreraikitzeko 70.000 euro lortu dituzte “crowdfunding” bidez
  • Crowdfunding finantzaketa kolektiboko kanpaina baten bidez Bartzelonako Can Vies zentro soziala berreraikitzeko eta protestetan atxilotutakoen tasa judizialak ordaintzeko dirua lortu du Can Vies viu! kolektiboak. 70.000 eurokoa zen finkatutako kopurua eta astearte arratsaldean lortu dute helburua.

Judith Perez @judyjudd 2014ko uztailaren 23a
70.000 euro baino gehiago lortu dituzte Can Vies zentro soziala berreraikitzeko (argazkia: 20 minutos)

Verkami plataforman abiarazi zuten kanpaina, eta guztira 1.620 pertsonak eta erakundek jarri dute dirua. 5 egun falta dira oraindik epea bukatzeko eta 72.900 euro bildu dituzte jada.

Helburua lortu den arren, diru-ekarpenekin jarraitzeko deia egin dute, Verkamin bertan edota Sants auzoko 20 puntutan kokatutako itsulapikoetan. Sarean #70000CanVies etiketa sortu dute deia zabaltzeko.

Hainbat gremio zentro sozialaren berreraikuntzako obren plangintza egiten hasi dira. Lanak asteazken arratsaldetan egiten dituzten  biltzarreran koordinatzen dira, eta Can Viesetik hauetan parte hartzeko gonbitea luzatu dute.

300 ekimen baino gehiago

Finantzaketa kolektiboarena ez da Can Vies laguntzeko martxan jarri den ekimen bakarra. Ikuskizunak, ikastaroak edota kontzertuak (Pirats Sound System, Feliu Ventura, Itaca Band, KOP, Cranc, Jordi Montáñez...) ere antolatu dira azken hilabetetan. Guztira, 300 ekimen baino gehiago. Irailaren 26an La Troba Kung Fú i Orxata taldeak kontzertu solidarioa emango du.