Nafarroako Aurrezki Kutxa nola desagertu zen aztertzeko batzordea ostegunean abiatuko da Nafarroako Parlamentuan.
Ostegunean jakinarazi dute zeintzuk osatuko duten batzordea baita presidentea aukeratu ere: Sergio Sayas UPNko kidea.
Sayasen aukeraketak zeresana sortu du sare sozialetan, besteak beste UPNko kide horrek CANen ikerketa batzordea sortzea kritikatu zuelako duela egun gutxi Twitter bidez. Urtarrilaren 15ean argitaratu zuen txio batean zioenez, batzordeak lanean hasi aurretik "ondorioak atereak ditu". "Iruzurra" hitza gehitu zuen Sayasek, hashtag moduan.
Gainontzeko alderdien txanda
Behin hautaketa hori eginda, alderdi bakoitzak bere lan plangintza entregatu beharko du.
Hain zuzen, batzordearen presidentzia eskuratu duen UPN izan da batzordea osatzeko oztopoak jarri dituen alderdi bakarra. Uste du prozesua bukatu dela eta orain auzia justiziaren esku dagoela, El Diariok argitaratu duenez.
Gaineratu dutenez, "adituek" eta Espainiako Bankuak egindako txostenetan "argi geratuko da" auzian ez dagoela "ezer arrarorik".
Batzordea maiatzaren 16ra arte egongo da martxan, baina eginbeharrak bukatu ezean, epea luzatu daiteke.