argia.eus
INPRIMATU
Cameronek EBn jarraitzeari buruzko erreferenduma iragarri du
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2013ko urtarrilaren 23a
EBn jarraitu edo ez: erreferenduma iragarri du Cameronek.

Cameronek iragarri du 2015etik 2017ra bitartean egingo litzatekeela erreferenduma. Bere esanetan, “akatsa” litzateke segituan halako deialdirik egitea, Europar Batasunaren barruan dauzkaten arazoak konpontzeko “denboraren bat” eman gabe.

Britainiarren euroeszeptizismoak historia luzea dauka eta kontinenteko gainontzeko estatuetan baino errotuagoa dago, baina azkenaldiko mugimenduek eszeptizismotik harago, ezinikusia erakusten dute.

Joan den urriaren amaieran, adibidez, lehen ministroaren alderdi kontserbadoreko kide eskuindarrenek, laboristen babesarekin, aurrera atera zuten Komunen Ganberan Europar Batasunera bideratutako diruak murrizteko eskatzeko mozioa.

Loteslea izan ez arren, sekulako kolpea izan zen Cameronentzat, alderdi barruan etsai franko daukala agerian uzteaz gain, irlaren eta kontinentearen arteko kanala amildegi bihurtu baitzuen.

Erreferenduma deituta, Cameronek egoera birbideratu nahi du: batetik, galdeketa datorren legegintzaldian kokatu duenez, hauteskundeetarako bandera bat edukiko du. Bestetik, alderdiko kideen labankadak saihesteko aukera emango dio.