Informazio eskaera erregistratu zuen EH Bilduko Julen Arzuaga legebiltzarkideak iragan ostiralean, ARGIAk jakin duenez. Juan Calvoren heriotzagatik auzipetutako ertzainen barne mailako diziplinazko espedienteak eta Ertzaintzan izan duten ibilbide profesionala eskatu dizkio Segurtasun Sailari.
Arzuagaren eskaerak aipamena egiten dio iragan astean ARGIAk argitaratu zuen eta zenbait komunikabidek jaso zuten informazioari. Gogoratzen du zazpi ertzain auzipetu eta zigortu zituztela Calvoren heriotzan ardura ezberdinak egotzita, baina gaineratzen du epaiak berak ertzainen “hainbat huts-egite profesional” jaso zituela. EH Bilduko legebiltzarkidearen iritzian huts egite horiek “diziplinako espedienteen oinarri” izango lirateke.
Hori dela eta, informazio eskaeran Arzuagak eskatu dizkio Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburuari “zazpi ertzain hauen kontra zabaldutako diziplinako espediente osoak”. EH Bilduk eskatu du ere jakitea polizia horiek Calvoren heriotzaz geroztik Ertzaintzaren barruan izan duten bilakaera profesionala. Erantzuna uda ostean helduko litzateke jada.
Juan Calvo, Ertzaintzaren Arkautiko komisarian hila
Juan Calvo Azabal bilbotarra Ertzaintzaren Gasteizko Arkautiko komisarian hil zuten 30 urte direla. Autopsiaren arabera ertzaintzaren gas negar eragileak sortu zion biriketako edema akutuaren ondorioz hil zen, baina gorpuak tratu txar eta torturen beste hamaika arrasto ere bazituen: borrakadak, ubeldurak, barrabil handituak, lotuta egon izanaren markak eskumuturretan, edo ebakiak buruan. Uztailaren 4an ARGIAk kasuaren inguruko informazio eta testigantza berriak argitaratu zituen, frogatzen dutenak, besteak beste, Calvo torturatu egin zutela eta Ertzaintzak trabak jarri zituela gertatu zena ezagutu ez zedin.
Behean, ARGIAk eskuratu duen autopsia ofizialak ematen dituen datuekin osatutako bideoa, Calvoren gorpuaren egoera irudikatuz: