Ekimenak erreferendum eskaera egin du eta Shirley Weber estatu idazkariak onartu. Orain, prozesuari jarraipena emateko, 546.000 sinadura lortu behar dituzte datorren uztailerako. Marcus Evansek egin du eskaera.
Sinadura kopuru hori lortuz gero, 2028ko AEBko hauteskundeekin bat independentziarako erreferenduma egingo litzateke, honako galderarekin: “Kaliforniak AEB utzi beharko lituzke eta estatu libre eta independente bihurtu?”.
Independentziak irabazteko beharko luke gutxienez boto emaileen %50aren parte hartzea, eta horietatik %55 aldekoa izan beharko litzateke. Horrek ez luke ekarriko berehalako independentzia aldarrikapena, baina “AEBkiko konfiantza eza” eta “Kaliforniak independentziarako duen nahia” aldarrikatuko lirateke. Era berean, AEBko bandera guztiak kenduko lirateke Kaliforniako Gobernuaren egoitza guztietatik.
Ekimenaren arabera, sinadurak lortuz gero, 2027an 20 herritarrez osatutako batzorde bat hautatuko litzateke ausaz, eta horrek txostena osatu beharko luke Kaliforniak independente izateko duen ahalmenaz.
Eta herritarrek independentziaren alde egingo balute? Ez dago garbi zer gertatuko litzatekeen kasu horretan, AEBko Konstituzioak ez baitu aurreikusten horrelakorik. Hainbat adituren arabera, estatuak ezin dira AEBtik atera, baldin eta beste estatuen oniritzia ez badute.
Edozein kasutan, erreferendum eskaera bidera baliteke ere, denak adierazten du Calexit ekimena ez dela amaieraraino iritsiko. Yes California ekimena da oraingo ekimenaren sustatzailea, eta dagoeneko egin zuen beste saio bat Donald Trump 2016an AEBko lehendakaritzara iritsi zenean. Orduan Louis J. Marinelli Yes Californiako liderrak bideratu zuen kanpaina, baina prozesuak ez zuen aurrera egin.
Ez da horietako kasu bakarra AEBn, 2016an eta 2024an Texas estatuan ere izan dira gisa bereko mugimentuak Texit leloarekin.