argia.eus
INPRIMATU
Calaisko errefuxiatuen artean ere koronabirusa zabaltzen ari dela ohartarazi dute
  • Frantziako Estatuko iparraldean, Calais eta Dunkerke herrien inguruan dauden migratzaileen kanpalekuetan, Covid-19 kasuak ugaritzen ari dira. Lanean dabiltzan laguntza taldeek salatu dute kolektibo horiek are eta zaurgarriagoak direla, ez dutelako prebentziorako baliabiderik eta lehendik ere beraien osasuna eta baldintzak txarrak direlako.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko apirilaren 09a
Calaiseko kanpalekuetan egoera oso prekarioan bizi dira zientoka errefuxiatu (arg: Refugee history blogetik hartua)

Europara datozen errefuxiatuen kanpalekuetan koronabirusa zabaltzearen beldur dira momentu honetan nazioarteko erakunde eta bestelako laguntza taldeak. Greziako Lesboseko kasuak aipatu izan dira sarritan, baina gertuago, Frantziako iparraldeko Calaisen ere, antzeko egoerak bizitzen ari dira.

1.000 lagunetik gora daude momentu honetan Calaisen kanpalekuetan pilatuta. Frantziako Gobernuak ezarritako derrigorrezko konfinamenduak haien egoera zaildu besterik ez du egin, laguntza talde gutxi iritsi baitaiteke jadanik beraiengana. The Guardian egunkariak oraindik kanpalekuetan ari den GKE horietako batekin hitz egin du. Care4Calais-eko kideek britainiar prentsari azaldu diotenez, koronabirus kasuek gora egin dute: "Nahiz eta oraindik kasu gutxi diren, ez dago hedapena gelditzerik egoera ikaragarri hauetan".

Joan den astean hiru lagunek zituzten birusak eragindako sintomak, baina egun gutxira bederatzi ziren. Beldur dira kasuak esponentzialki ez ote diren igoko hemendik aurrera. Migratzaileek ezin dituzte gainerako hiritarren prebentzio eta babes neurriak hartu, kanpalekuek azpiegitura eta osasun baldintza oso eskasak baitituzte: "Uste dugu haietakoren erdia infektatu daitekeela datozen lau asteetan".

Haien zaurgarritasuna areagotzen duen beste faktore bat ere badago: estres kronikoa. Orain arte bizi izandako egoera txarren ondorioz, migratzaile askoren sistema immunea asko kaskartu da.

Dunkerke eta Calaisko Udalak pertsona horiek beste egoitza batzuetara garraiatzen hasi ziren joan den astean, baina The Guardianen arabera 80 inguru baizik ez dituzte eraman oraindik, eta bi udalerrietako kanpalekuetan 1.500 geratzen direla uste dute. Hala ere, GKE-ek salatu dute egoitzetan 500 lagunentzako tokia besterik ez dagoela.