argia.eus
INPRIMATU
Calaiseko ‘Jungla’-tik bi urratsera ‘Heroic Land’ atrakzio parkea eraiki nahi dute
  • Frantziako agintariek 2.000 poliziaren ekinez Calaisko kanpalekutik 6.000 iheslari kanporatu eta Jungla suntsitzeko badaukate, asko aipatu diren arrazoiez gain, orain arte itzalean egon den beste bat: txabolategitik bi kilometrotara Heroic Land parke tematikoa eraiki nahi dute. Hilabeteotan Txinatik dirua jarriko duten inbertsiogileen bila dabiltza.  

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2016ko urriaren 27a
Calaisen iheslari atzerritarrak kanporatu ostean eraiki nahi duten Heroic Land parkearen ikuspegi bat promotoreek aurkeztutako bideotik hartua.

Reporterre webgunean Bernabe Binctinek azaldu duenez, duela urte bete aurkeztu zuen Calaiseko alkate Natach Boutchartek Heroic Land atrakzio parkearen proiektua. Iazko urrian 4.000 errefuxiatu pilatzen ziren Junglan eta Calaiseko Udalak aurkitua omen zuen haiek utzitako irudi txarra konpentsatzeko modua: 2019an ireki behar duen Heroic Landek 275 milioi euroko inbertsioz 1.000 lanpostu berri sortuko omen ditu, 50 hektareako parke tematikora erakarriz urtero milioi eta erdi baino gehiago bisitari.

 

Bouchart alkatea Hauts de France eskualdeko lehendakariorde ere badenez, Estatua ere operazioan inplikatzea lortu du, Frantziako 5. parke handiena izan litekeenak inguru guztiko ekonomia biziberrituko duelako promesarekin. 

Aferak piztu ditu zenbait mugimendu politiko eta sozialen kritikak, besteren artean inguruko Colomibier-Vival natur eremu babestua mehatxatzen duelako. Baina orain artean ez dute arrakasta handiegirik lortu, Binctinek azaltzen duenez: "Gardentasunik eza are deigarriagoa egiten da jakin ostean, Marianne astekariak publikaturik, proiektuaren itzalpeko sortzailea nor den: Yann Tran Long. Egoitza Hong Kongen daukan promotore hau Fane mugimendu neonaziaren kide izana da, Afrikako meategi negozioetako mertzenario bilakatua... Polemika deserosoa azken eskualde hauteskundeetan Marine Le Peni botoen 49,1 % eman dizkion Calais hirian".