argia.eus
INPRIMATU
Etxea zor truke ematea lortu du atarrabiar batek, Caja Ruraleko bulegoan itxialdia egin ostean
  • Urko Rodrigo Atarrabiako Caja Ruralen bulegoan itxi da ostiral goizean. Bi kreditu sinatu zituen finantza erakunde horrekin eta ezin zituen ordaindu. Negoziazioa lortzea izan da mobilizazioaren helburua, etxea galdu eta zorrekin ez geratzeko. Azkenik, etxea zorraren truke ematea adostu du.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2014ko urriaren 03a
Urko Rodrigo, ostiral goizean sinatu duen akordioa eskuetan duela (argazkia: Martxelo Diaz / Gara).

“Eskua bihotzean dudala esaten diet [Caja Ruraleko] zuzendariei kreditu horiek sinatu nituenean inoiz ez nuela pentsatu nagoen egoera ekonomikoan egongo nintzenik eta oso mingarria izan da niretzat egoera hau: hainbeste indar jarri dudan etxea galduko dut, zor handiarekin geratuko naiz eta jada nire amari enbargoak egiten ari dira. Nire egoeran, ez daukat galtzeko beste askorik”, irakur daiteke Rodrigok bere egoeraz informatzeko zabaldu duen blogean.

Bi kreditu ordaindu ezin

2007. urtean hasi zen dena: Rodrigok Saldisen lokal bat erosi zuen, berritu eta etxe bihurtzeko asmoarekin. Obrak bere kabuz egin nahi zituen, baina Udalak proiektu bat egiteko eskatu eta hori ordaindu ahal izateko Cajar Ruralen kreditu pertsonala eskatu zuen (14.000 euro). Ondoren, beste kreditu hipotekario bat ere eskatu zuen (97.000 euro). Kreditu horretarako berme-emailea Rodrigoren ama izan zen.

2012ko uztailean Rodrigo diru-sarrerarik gabe geratu eta kreditu pertsonala ordaindu ezinda geratuko da, 1.275,04 euro itzultzea besterik falta ez zaiola. Urte bereko abuztuan kreditu hipotekarioa ordaintzeari ere utziko dio, arrazoi berdinengatik.

Caja Rural dirua eta interesak eskatzen

Eta 2013ko uztailean Caja Rural bere kontra hasiko da: ordaintzeko zeuzkanak eta ohiko interesak eskatuko dizkio, guztira 83.000 eurotik gora. Interes horiek puzten joan dira eta urte bereko azarorako 100.400 euro baino gehiago eskatzen dizkiote.

Ez hori bakarrik: Rodrigoren amari, berme-emailea delako, dirua enbargatzen hasten dira, 188,6 euro hilabetean 2012ko azarotik 2013ko maiatzera, guztira 1.320 euro –gogoratu kreditu pertsonaletik 1.280 zeuzkala ordaintzeko Rodrigok–, eta oraindik beste 1.000 ordaindu behar dituela dio Ruralek, “sortu dituen gastuengatik”.

Azkenik, eta horregatik ostiraleko protesta, Rodrigok jakiten du bere etxea enkantean salduko dutela. Hori saihesteko, gaur arte finantza erakundeko bulegoan egin dioten proposamen bakarra da hilero 200 euro ordaintzen hastea kreditu pertsonalaren zorra kitatzeko. Behin hori eginda, beste kredituaren kontua nola argitu aztertuko dutela esana zioten.

Rodrigok bestelako proposamena egin du: etxea hipotekaren truke ematea. Eta gaurko itxialdiarekin, eta Pello Gastearena Atarrabiako alkatearen (Bildu) bitartekaritzarekin, lortu du helburua.