argia.eus
INPRIMATU
CAFen filial batek 120 autobus saldu dizkio Giza Eskubideen Kontseiluak salatu duen Israelgo enpresa bati
  • Solaris enpresa poloniarrak, CAFek 2018an erosi zuenak, 120 autobus eraikiko ditu Egged enpresa israeldarrarentzat. Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak aurten salatu dituen 112 enpresetako bat da Egged, Palestinako okupazioa etekinak lortzeko baliatzeagatik. Hau ez da Beasaingo enpresak Israelgo Apartheidarekin duen negozio bakarra, Jerusalemgo tranbia polemikoaren eraikuntzan parte hartzen jarraitzen baitu CAFek, Palestinako lurralde okupatuetan.

Axier Lopez @axierL 2020ko irailaren 10

Azken asteetan, CAFek erositako Solaris Bus & Coach filialak Egged enpresa israeldarrari 120 autobus saldu dizkio. Autobus horiek garraio publikorako erabiliko dituzte Jerusalemen. Israelgo garraio publikoaren operadore nagusia da Egged, eta bere lanen artean dago kolonia sionistak elkarren artean komunikatzea, baita Israelen menpeko beste lurralde batzuekin ere. Hori dela eta, Egged da Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak salatutako 112 enpresetako bat, Palestinako eta Siriako Golango okupazioan parte hartzeagatik eta horri esker etekin ekonomikoak lortzeagatik.

Beasaindik Poloniara, Castejondik pasatuz, Jerusalemerantz

CAFek Solaris enpresa poloniarraren akzio guztiak erosi zituen 2018ko irailean. Ondoren, Andres Arizkorretaren enpresak Poloniako inbertsio funts bati akzioen % 35 saldu zion. 2018an, CAFek Solaris erosi zuenean, enpresak 450 milioi fakturatu zituen eta 2.500 langile zeuzkan. Andres Arizkorretak orduan adierazi zuen "hazkunde errentagarrirako eta merkatu estrategiko berrietara zabaltzeko CAFek duen konpromisoari" jarraiki erosi zutela Solaris. 

Solarisen autobusek 32 herrialdetako 700 bat hiritan daude eta Egged israeldarrari egindako salmenta bideratu ostean, 600 baino gehiago izango dira 2012tik Solarisek Israelentzat eraikitako autobusak.

Ezkerretik eskuinera, Carlos Sarobe (Sodena), Javier Calleja (CAF), Josu Imaz (CAF), Manu Ayerdi, Pilar Irigoien (Sodena), Javier Iriarte (CAF) eta María Eugenia Lecunberri (Sodena). Argazkia: Nafarroako Gobernua

2019ko ekainean Nafarroako Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Ayerdik bisita egin zuen Solarisek Poloniako Poznan hirian duen fabrikara, Sodena enpresa publikoak bidalitako ordezkaritzan. Castejonen egoitza nagusia duen Vectia, hiri garraio hibrido eta elektrikoko autobusen enpresa, Solaris Bus & Coachen integratuta geratu zen, CAF Vectiaren parte ere badelako.