argia.eus
INPRIMATU
Beste heriotza bat
CAFeko zuzendaritzari eskatu diote utz dezala amiantoaren biktimen kontrako “borroka judiziala”
  • Irungo CAFeko langile ohi bat hil da amiantoak sorturiko mesoteliomaren eraginez, Felix Vázquez. Gizarte Segurantzak aitortua zion ezintasun absolutua, mineral kantzerijenoak gaixotu zuela onartuta. Bere lankideek geldialdia egingo dute ostegunean, senideei elkartasuna adierazi eta CAFeko zuzendaritzaren jarrera salatzeko.

2019ko maiatzaren 22a
(Argazkia: Juanjo Basterra Twitter bidez)

Amiantoak hiltzen duen hirugarren langile ohia da CAFek Irunen duen lantegian, beste 37 hil dira Beasaingoan, eta Zaragozakoan 49, gehienak azken hogei urtetan. Egoera horren aurrean, trenak egiten dituzten enpresan etengabeko mobilizazioan ari dira, euren eskakizunak entzun ditzaten. Amiantoa oso erabili izan zen sektorean, eta langileek kaltegarria zela jakin gabe manipulatu zuten asbestoa.

Felix Vázquezen heriotzak berriz ere aterarazi ditu kalera bere lankideak. Asteazkenean beilatokira abiatu dira, bi ilaratan jarrita, Vázquezi azken agurra egiteko, eta Oarso Bidasoako Hitzak LABeko iturriak aipatuz jaso duenez, ostegunean bi orduko etenaldia egingo dute heriotza salatzeko.

Enpresa Batzordeak CAFeko zuzendaritzari eskatu dio utz diezaiola biktimen indemnizazioak eta beharrezko laguntza jasotzeko oztopo legalak jartzeari eta albora dezala "borroka judiziala". Izan ere, amiantoak, minbizia ez ezik, kasu askotan auzitegiz auztegiko gurutzebidea dakarkie langileei, enpresak eta administrazio publikoak bere gaixotasuna onar dezaten.

Juanjo Basterra kazetariak bere Twitter kontuan daraman zenbaketaren arabera, aurten 12 lagun hil dira amiantoagatik Hego Euskal Herrian, eta 2.412 azkeneko 25 urtetan.